Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta Unibertsalaren aldeko herri-ekimena aurkeztuko dute Romo Kultur Etxean

Erredakzioa 2021ko mai. 13a, 10:23

Uribe Kostan lehen urratsak ematen ari den Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri-ekimena, eta horren zehaztasunak azaltzeko, aurkezpena egingo dute maiatzaren 17an, astelehenean, Romo Kultur Etxean.

Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko Legegintzako Herri-Ekimena aurkezten ari dira EAEko hainbat kolektibo eta erakundetako kidek. Uribe Kostan lehen urratsak ematen ari den ekimenak aurkezpena egingo du maiatzaren 17an, 19:00etan, Romoko Kultur Etxean. Proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte Mirian Sarrapio Argilan-ESK elkarteko kideak eta Iñaki Uribarri ekonomialariak.

Diotenez, COVID-19ak eragin duen aurrekaririk gabeko krisiak gizarteko ezkutuko balio positiboak sustatzeko aukera ere ekarri du, hala nola elkartasuna edo elkar zaintzea. Hori kontutan hartuta, ekimenaren helburua da herri-administrazioek gutxieneko gaitasun ekonomikoa bermatzea, bizitza duina ziurtatzeko eta bizitza-proiektuei ekiteko, askatasun handiagoz. Egitasmoa defendatzeko, besteak beste, arrazoitzen dute EAEn ematen diren diru-laguntzek ez dutela pobrezia desagerraraztea lortu, indarrean dagoen eta egongo den sistema ekonomikoa ez dela gai izango pertsona guztiei enplegu duina emateko, meritokraziaren aldeko apustua gainbeheran dagoela gaur egun eta lana izateak ez dituela bizitza duin baterako baldintzak bermatzen.

Jakinarazi dutenez, ekimena aurrera ateratzeko eskualdeko hainbat herritar elkartzen ari dira online eta sare sozialen bidez. Horregatik, deia egin diete interesa duten guztiei parte hartzera, bai maiatzaren 17an egingo duten aurkezpenean, baita bizkaia@rentabasica.eus helbidera idatzita edo ekimenaren webgunean informazio gehiago bilatuz ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun