Azken urteetako bilakaera ezin hobea izan da Higinio Rivero arraunlari olinpiarrarentzat; izan ere, gaur, maiatzaren 14an, egin den Szegedeko Munduko Kopan VL2-200 metroko proban brontzezko domina eskuratu du. Munduko Kopako eta Europako Txapelketako garaipenak bazituen ere, maratoi kategorian ziren horiek, eta oraingoan, proba olinpikoan eskuratu du domina; hain zuzen ere, VL2koan, aurtengo udan Tokioko Joko Paralinpikoetan jokatu beharko duena.
"Oso pozik nago egindako lanagaz. Oso gutxigatik sartu nintzen finalean. Baina pixkanaka aurreko postuetara hurbiltzen ari gara", adierazi du Riverok.
Getxoztarrak laugarren bukatu zuen atzoko sailkapen txandan, Fernando Rufino de Paulo brasildarraren, Norberto Mourao portugaldarraren eta Steven Haxton estatubatuarraren atzetik. Azken proban, Ylya Taupianets bielorrusiarrak lehen postuan igaro du helmuga, Robert Suba hungariarra (+0.12) eta Higinio Rivero (+0.24) atzetik dituela.
Szegedekoa pista kuttuna da Riverorentzat, hemen lortu baitzuen, 2019ko Munduko Txapelketan, Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela.