LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna gogoan izan du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2021ko mai. 17a, 11:55

Getxoko Udaleko Bozeramaleen Batzordeak, gaur, astelehenean, maiatzaren 17an gogoratzen den LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen instituzional bat onartu du aho batez.

Onartutako adierazpen instituzionala, osorik

1990ko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak buruko gaixotasunen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea. Maiatzaren 17ko datak, orduz geroztik, balio esanguratsua dauka lesbianentzat, gayentzat, transentzat, bisexualentzat eta intersexualentzat. Izan ere, eskubideen aldeko eta gaur egun kolektibo horrek jasaten duen diskriminazioaren aurkako ekintzen ardatza da.

Egun horren harira, Getxoko Udalak adierazten du erabat gaitzesten duela lesbiana, gay, trans, bisexual edo intersexual izatearen edo halakotzat jotzearen ondorioz pertsonen aurka egindako jokabide, jarrera edo adierazpen oro. Horrez gain, aniztasun afektibo eta sexuala eta askotariko identitateak aupatuko dituen Getxo eraikitzeko konpromisoa berresten du. Heterosexualitatea inposatutako araua izango ez den Getxo. Lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen (LGTBI) kolektiboari egindako erasoak gaitzetsi eta arbuiatuko dituen eta zigorgabe utziko ez dituen hiria. Izan ere, LGTBI+fobiak ez du bakarrik pertsonen askatasuna mehatxatzen; aldiz, jendarte osoaren ongizatea eta gizarte kohesioa arriskuan jartzen ditu.

Datuek argi erakusten dute pertsona batzuek ukatu egiten duten hori: LGTBI herritarrek egunerokoan beren orientazio edo identitatetik eratorritako zaurgarritasun egoerei eta Diskriminazio- eta indarkeria-modu desberdinak aurre egin behar dietela.

Egoera horiek larriago bilakatu dira COVID-19ak eragindako krisi soziosanitarioaren ondorioz. Bazterketa arriskua eta diskriminazioa, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, areagotu egin dira. Aurrez ere diskriminazio egoeran egon zitezkeen, edo gerta zitekeen beren inguruko pertsonek edo familiakoek beren identitatea edo orientazioa ez aitortzea. Bada, mugikortasunari ezarritako mugek, etxean gelditzeko betebeharrak eta alarma egoeratik eratorritako konfinamendu egoerek, oro har, eragin dute LGTBI kolektiboko pertsona batzuek larritasun, estres, isolamendu eta bakardade egoerak bizi behar izatea.

Gainera, jarduera etetetik eratorritako ondorio ekonomiko eta sozialek gehiago eragingo diete pertsona zaurgarrienei eta ezarritako arau soziala gehien hausten dutenei. Hala, egoera hori LGTBI pertsonen gain eragin berezia izaten ari da hainbat alderditan: enplegua, osasuna, baliabideetarako sarbidea, etab. Ondorio horiek larriago bilakatuko dira identitatea eta orientazio sexuala desparekotasunaren beste egiturazko markatzaile batzuekin lotuz gero, jatorri kulturala, adina, egoera sozioekonomikoa edo aniztasun funtzionala kasu.

Horregatik guztiagatik, Getxoko Udalak instituzioetan LGTBI eskubideak bermatzen dituzten politikak bultzatzen jarraituko du eta, gainera, jendarte eredu justu eta anitzaren alde lan egingo du, aniztasuna gizarteko abantaila gisa aitortzeko. Bada, lankidetzan arituko da homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobia desagerrarazteko lan egiten duten pertsona eta eragile guztiekin, eta honako konpromiso hau berretsiko du:

  • Sentsibilizazio kanpainak diseinatu eta garatzea lesbofobiaren, homofobiaren eta transfobiaren aurka, LGTBI kolektiboa ordezkatzen duten erakundeekin batera estu lan eginez, indarrean dagoen Berdintasun Planak jasotzen duen moduan.
  • Aniztasun sexuala ikusaraztea politika publikoetan.
  • LGTBI herritarren zaurgarritasunari eta diskriminazioari buruz sentsibilizatzea.
  • Homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzea.
  • Sentsibilizazio kanpainak egitea ekainaren 28an, LGTBI harrotasunaren eta sexu askapenaren nazioarteko egunean.
  • Sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak egitea martxoaren 31n (trans ikusgarritasunaren eguna) eta apirilaren 26an (lesbianen ikusgarritasunaren eguna).
  • LGTBI berariazko tokiko politika publikoak abian jartzea ahalbidetuko duten baliabideak ematea.
  • Getxoko LGTBI pertsonen egoerari buruzko eztabaida sartzea Berdintasun Kontseiluaren bidez, udalerriko LGTBI kolektiboekin batera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun