Lau urte igaro dira Getxoko udaletxearen aurreko zabalgunea babesteko baranda metalikoetako bat apurtu eta, goitik behera erorita, hiru ikasle zauritu zirenetik. Ordutik, hesituta egon da balaustrada apurtuta duen gunea, eta hura guztiz berreraikitzeari ekingo dio Udalak orain.
Udal-iturriek zehaztu dutenez, udaletxeko balaustrada osorik berreraikitzeko lanak 1925ean datatutako jatorrizko proiektuaren diseinuari jarraituz egingo dira, "estilo neoklasikoko eraikinaren eta bere inguruaren estetika eta estilo arkitektonikoa gehien errespetatzen dituen aukera baita". Berreraikitzeko proposamena, jatorrizko proiektuarekiko ahalik eta fidagarriena, ondarearen ikerketan eta aldez aurreko azterketa historikoan oinarritzen da. Azterketa horiek udal Liburutegien eta Artxiboaren funtsakaz eta lankidetzagaz egin dira, balaustradak urteetan zehar jasan ahal izan dituen konponketak eta eraldaketak zehazteko.
Horregaz batera, kanpoko hormaren goiko basamentua edo errematea sendotuko da, perimetroko errematearen estankotasuna bermatuko da eta plataformaren alboko pasabideen zabalera handituko da, irisgarriagoak izan daitezen.
Lanak udal-eraikina kontserbatzeko jarduketa-planaren barruan daude, eta horretan sartzen dira, halaber, eraikineko errementaritza eta forja-elementuak zaharberritzeko obrak; lan horiek esleitzeko beharrezkoak diren izapide eta txostenak prestatzen ari dira, lizitaziora bi enpresa aurkeztu ondoren.