Atzo, domekan, Zamudion batu behar ziren inguruko dantza-taldeak Dantzari Eguna ospatzeko. Baina, oraingoan ere, pandemia dela eta, bertan behera geratu zen jaialdia. Hala ere, ospakizun hori gogoan hartuta, askotariko lagunak mobilizatu ziren atzo Getxon, kultur taldeek bizi duten egoera salatu eta taldeok bizirik iraun gura dutela aldarrikatzeko. Horretarako, "Dantzari Eguna Bai" lemapean, manifestazioa abiatu zuten Algortako Kasune kaletik; udalerrian kalerik kale eta plazarik plaza kalejiran eta dantzan ibili ondoren, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan batu ziren denak.
Mobilizazioan parte hartu zutenek azaldu zutenez, azkenengo urtean dantza-taldeen egoera "oso larria" izatera heldu da, indarrean egon diren dekretu bidezko legeek ez dutelako euren lana kontutan hartu. Are gehiago, deitoratu zuten talde gehienek ez dutela azpiegitura egokirik, eta, ondorioz, entseguak bertan behera utzi behar izan dituztela. Era berean, kalea erabiltzeko debekuaz gainera, edozein jarduera antolatzeko zailtasun burokratikoak izan dituztela salatu zuten. Azkenik, laguntza ekonomiko "egokien" beharrean daudela aldarrikatu zuten.
Egoera horretan, baina, dantzariez gainera, musikariak eta bestelako elkarte eta batzorde asko daudela gogoratu zuten deitzaileek: "Kultura ez dute profesionalak soilik osatzen. Gu ere kultura gara eta ez daukagu amore emateko asmorik". Baina, horretarako, erakunde publikoen laguntza eta babesa ezinbestekoa dela ondorioztatu zuten.
Atzoko manifestazioan parte hartu duten edo babesa adierazi dioten taldeak:
- Algortako Agurra taldea.
- Erromoko Zasi Eskola Taldea.
- Getxoko Itxas Argia Taldea.
- Areetako Berantzagi taldea.
- Urdulizko Iratxo Gorria taldea.
- Derioko Lainomendi taldea.
- Lamiakoko Txikiak Taldea.
- Zamudioko Hiru Bat taldea.
- Ekhi produkzioak.
- Artibistak.
- Kaset ekoizpenak.
- Algortarrak bat ekimena.
- Getxoko EH bildu.
- Getxoko Elkarrekin Podemos.
- Hezetasuneko Jai batzordea.
- Algortako Jai batzordea.
- Erromoko Jai batzordea.
- Pentsionistak.
- Getxo Kultura plataforma.