Konfinamendu betean, gaitz batek eraman zuen Goio Etxebarria Kerexeta, 2020ko martxoaren 27an. Irribarretsua eta beti lanerako prest; kide aparta eta lagun handia zen Goio. Zientzialari fina eta zorrotza; irakasle bokazioz. Osasunaren sama gainean eraman behar izan zuen denbora luzez, baina horrek ez zion galarazi bere benetako pasioari heltzea: kirolari amorratua zen, eta mendian ikus zitekeen han eta hemen; kulturaren maitalea zen ere, eta kantan, dantzan eta bertsotan ezagutu dute askok. Izan ere, besteak beste, Getxoko Itxas Argiako kidea zen, eta, bidean, lagun asko utzi ditu hemen.
Udaberriko egun eguzkitsu batean joan zen Goio, eta, bere omenaldia egiteko aukeratutako egunak goibela eta iluna izan behar zuen arren, bere irudiak eta oroitzapenek argitu zuten zapatua. Haren lagunek bete zuten Getxoko Malakate plaza, baita Kataluniatik etorritakoak ere, hari omenaldi xumea egiteko. Bertan batutakoek gogoratu zutenez, Goio arrastoa utzitako lagun oso ona izan zen, "eta arrastoa uzteak asko esan nahi du. Ez zen pertsona berezia, baina bai espeziala".
Eguerdiko 12:00etatik hasita, 200 pertsonatik gora batu zen plazan bere momentuan ezinezkoa izan zitzaien agurra egiteko Goiori. Hura izan zuten gogoan: "Ezagutu dugunok, bai dantzan, kantan, mendian, lanean, bertsotan, kultura munduan orokorrean, gauza bera esan dezakegu: metodikoa eta diziplinatua zela, jakinduria handikoa, gure herriko historian eta tradizioetan aditua, baina beti ere apaltasunetik. Sekula ere ez zen inoren gainetik jartzen. Izaera honek egiten zuen benetan atsegina Goio".
Baina, batez ere, Goioren kantatzeko zaletasuna azpimarratu gura izan zuten ekitaldian. "Beste jarduera askoren artean, kantua zen oso gustukoa zuena. Oso belarri ona zeukan, eta, erratu gabe, abestien doinuak, letrak... denak buruz zekizkien", azpimarratu zuten omenaldian. Hala, beste hainbat konturen artean, eurena egin zuten Goioren esaldia: "Segi kantatzen". Eta kantatzen egin zioten lagunek Goiori berak merezi zuen agurra –segurtasun neurriak bermatuta–, "gogora ekarri dugu, modu xume batean, baina berari gustatzen zaion moduan: dantzatzen, bertsotan, kantatzen eta lagunen artean bizitzari zentzua ematen".
Goio gogoratuz
"Txori kantazale ederra
non ote haiz kantatzen
harrien negarra haizeak darama
bihotzeko ibarretan barna."
Segi kantatzen
"Goizegi joan zaigu Goio laguna,
baina malkorik ez, hasi prestatzen
betetzeko berak eskatu ziguna:
'segi kantatzen, segi kantatzen!'
Eskerrik asko, Goio, lagun maitea,
zulangoak nekez dira topatzen;
zilegi bekigu ozen esatea:
'segi kantatzen, segi kantatzen!'
Gu kantuan gabiltzala
hor izango da Goio.
Entzun, orain ere berak
kantuan daragoio!
Gizon apala bezain lagun leiala,
beti momentu onak partekatzen;
eskatzen diogu, hark guri bezala:
'segi kantatzen, segi kantatzen!'
Irribarre gozoko maisu handia,
begiekin zekiena mintzatzen;
geure egin dugu zure esaldia:
'segi kantatzen, segi kantatzen!'
Gu kantuan gabiltzala..."