Diruz lagun daitezkeen 4 egoera aurreikusten dira: sektore bat edo batzuk nahitaez ixtea, legeak hala agintzen duelako; herritarrak etxean konfinatzea; Getxoko udalerriaren perimetroa ixtea, eta etxeratze-agindua ezartzea 20:00etan edo lehenago. Egoera horietako bakoitzerako, sektore onuradunen zerrenda bat definitzen da. Sektore onuradun horietako enpresek jaso ahal izango dituzte diru-laguntza horiek, haien forma juridikoa edozein dela ere.
Laguntza-eskaerak bide telematikoz izapidetu beharko dira, Udalaren www.getxo.eus webgunearen bidez, deialdia BAOn argitaratzen denean. Ekonomia Sustatzeko Arloa-Getxolanek bi informazio-saio aurreikusi ditu, horri buruzko datuak zabaltzeko. Saioak egingo dira maiatzaren 25ean, martitzenean, 14:30ean (online, Zoom bidez) eta maiatzaren 26an, eguaztenean, 10:00etan (aurrez aurre Getxo Elkartegian, Ogoño 1, Areetan). Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da getxopro@getxo.eus helbidean edo 944 660 140 telefonoan. Informazio gehiago: https://www.getxo.eus/eu/getxolan
GetxoBono 2021
Maiatzaren 19tik ekainaren 9ra arte zabalik egongo da epea enpresak GetxoBonoren beste edizio batera atxikitzeko. Oraingo honetan, udalerriko merkataritzaren, turismoaren, ostalaritzaren eta osasunagaz, kirolagaz eta sormen-industriakaz lotutako zerbitzuen sektoreetan kontsumitu ahal izango dira. Kasu horretan ere, izapidea online egin beharko da Administrazio Elektronikoko Bulegoa-AEBren bidez. Bonuen jaulkipen berri horren helburua da, non 650.000 euro inbertituko diren, batetik, udalerriko eta inguruko herrietako auzokideen kontsumoa Getxoko enpresetan sustatzea eta, bestetik, jada berton kontsumitzen dutenak fidelizatzen jarraitzea. Bonuak ekainaren amaieran jarriko dituzte salgai.
Ostalaritzako laguntzen ebazpena
Bestalde, Gobernu Batzordeak ostalaritza-sektorerako laguntzen deialdiaren ebazpena onartu du, covid-19ak eragindako krisiagaz lotuta Lehendakariaren 38/2020 Dekretuaren bidez hartutako itxiera-neurrien eragin ekonomikoa arintzeko. Laguntzak laster hasiko dira ordaintzen.
290 eskaera jaso ziren eta, horiek aztertu ondoren, 270 diru-laguntza eman dira (312.709,84 euro), 14 ukatu dira eta 6k atzera egin dute prozesuan. Emandako laguntzetatik 121 pertsona fisikoei eman zaizkie (% 45), 72 ondasun-erkidegoetako edo sozietate zibiletako bazkideei (% 27) eta 77 pertsona juridikoei (% 29). Langile kopuruaren arabera, 6 langile baino gutxiago dituzten 192 enpresarentzat, eta 6 langile edo gehiago dituzten 78 enpresarentzat.
Pertsona edo enpresa onuradunek azken justifikazioa aurkez dezakete, ostalaritza-jarduerari berriz ekin zaionetik 4 hilabete eman dituztela adierazita, www.getxo.eus/getxolan helbidean adierazitako dokumentazioagaz batera.