Aipatutako proiektuez gainera, deialdiak programazio-proposamenetarako laguntzak ere jaso ditu, eta horietako batzuk laster Muxikebarrin erakutsiko dira. Era berean, kultura-prestakuntzarako diru-laguntzak ere hartu ditu bere barruan.
Gaur goizean eman dute ezagutzera deialdiaren emaitza hori, prentsaurrekoan. Horretan, Amaia Aguirre Getxoko alkateak azpimarratu duenez, "Udalarentzat oso pozgarria da horrelako ekimen bat aurrera eramatea, batez ere, Getxon dugun talentuari ikusgarritasuna ematen diona eta gure kultur harrobiaren potentziala erakusten duena".
Iaz ospatu ezin izan ziren tokiko jaiak egiteko baliabideakaz finantzatu da deialdia. Horren bidez, kultur sektorea eta tokiko arte-sormena sustatu gura izan da, askotariko modalitateetan. Hala, epaimahai espezializatuak hautatutako proiektuen artean, sorkuntza eszeniko, ikus-entzunezko, musika, literatura, hezkuntza eta beste diziplina batzuetako lanak daude. Xabier Paya Kultura Gelako zuzendariaren hitzetan, epaimahaiak, Fernando Velazquez, Laura Mintegi eta Begoña Vicario profesional ospetsuek osatuta, "lan gogorra" izan du proiektuak hautatzen eta, era berean, azpimarratu du "Getxoko sortzaileen ekarpena, Getxoko ondare ukigarri edo ukiezinarekiko lotura eta udalerriari egindako ekarpena" baloratu dituztela.
Literatura-sorkuntzaren atalean hautatutako proiektuetako baten izenburua La cueva de Mari da, Getxon girotutako kutsu mitologiko duen eleberri beltza. Bere egilea, Haizea Lopez, gaztea izan arren, ibilbide oparoa duela erakutsi du azken urteotan. Idazleak berak azaldu duenez, "eleberrian arima utzi du", eta lan horregaz arrakasta handia lortzen ari da; izan ere, Amazonen thriller eleberrien atalean gehien saltzen diren nobedadeen zerrendan hirugarren postuan dago.
Bestalde, Pepe Heredia, eskarmentu handiko konpositore eta Rumba Norte talde getxoztarrean ibilitako musikaria, Getxo Brutal izeneko proposamenagatik aukeratu dute musika sorkuntzaren atalean. Proiektua Getxori eskainitako pieza instrumental bat da, bideo muntaia bategaz osatua. Artistak azaldu duenez, proiektu horretan bere lan musikalaren hainbat lan bildu ditu, eta udalerriarekiko sentitzen duena islatzeko forma eman dio.
Diruz lagundutako beste ekimenetako bat Basque Children da, Ana Hormaetxea gidoilariaren ikus-entzunezko proposamena. Fikziozko telesaila da, zortzi atalekoa, eta 1937an Ingalaterrara gatazka zibiletik urrun bidali zituzten 7 eta 15 urte bitarteko 4.000 bat adingabe euskaldunen bizipenak kontatzen ditu. Horien artean, getxoztar gazte bat dago. Egileak eskerrak eman dizkio Udalari laguntza programa abian jartzeagatik. Halaber, sortzaileak kulturaren I+G direla nabarmendu du, eta baita askotan gaizki tratatuak direla arriskatzeko orduan. Horri lotuta, sortzen jarraitzeko laguntza ekonomikoa izatearen garrantzia azpimarratu du.
Mariasun Yanguas, Eskuz Esku eta Lilura abesbatzen sortzailea eta Getxon 40 urte baino gehiagoz piano, solfeo eta harmonia irakaslea izan dena, Emakumeak aho batez izeneko proposamena aurkeztu du. Adierazi duenez, konposizio musikal eta poetiko hori "emakumeen sentimenduetan, esperientzietan eta bizipenetan oinarrituta dago, eta euskal esentzia tradizionalaren konposizio-esentzia jasotzen du bere erritmo eta harmonia bereizgarrien bidez". Jone Uriaren hitzak dituen pieza, gainera, musika eta kultura maite duten emakume guztiei egindako omenaldia da.