Pantxoa Etchegoien omendu dute Iparra Galdu Gabe jardunaldiak sustatzeko egindako lanagatik

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 14:20
Pantxoa Etchegoien eta Amaia Agirre. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak Pantxoa Etchegoieni, Euskal Kultur Erakundeko aurreko zuzendariari, omenaldia egin zion joan den barikuan, hilaren 21ean, Getxoko Udalak, Iparra Galdu Gabe Jardunaldien barruan izandako Biba kantua! kontzertuan.

Etchegoinek iazko amaieran erretiroa hartu zuen, eta omenaldiagaz Udalak aipatutako Jardunaldiak ospatzeko duela 20 urtez geroztik egindako lana nabarmendu nahi izan zuen, horri esker hango errealitatea hurbilago sentitu delako Getxon. Ekitaldian Amaia Agirre alkateak bere zeregina urte hauetan guztietan nabarmendu zuen Aixerrota oroigarria opatu zionean, eta hurrengoa esan zion: “Pantxoa, zuk ondo dakizu, geografikoki Getxo eta Iparraldea ez daudela hurbil, baina hurbiltasun hori, tratuan sentitu dugu, harremanetan sentitu dugu, Euskal Kultur Erakundea eta bereziki zu, Pantxoa oso hurbil sentitu zaitugu. Erretreta hartu arren, Pantxoa, badakizu Getxon, besoak zabalik hartuko zaitugula eta espero dugu, bisitan etortzea nahi duzunean. Getxoko herriaren izenean,  udalaren izenean, euskalgintzaren izenean, eskerrik beroenak eman nahi dizkizugu”. 

Etchegoienek, bere aldetik, eskerrak eman zizkion Udalari, eta 20 urte hauetan lortutako elkarlana biziki garrantzitsua dela azpimarratu zuen,  “datozen urteotan ere elkarlanaren bidetik jarraitu behar dugula esan zuen, ez bakarrik Iparra Galdu Gabe zikloaren barruan baita urte osoan zehar. Horretan, Euskal Kultur Erakundeak ere lan egingo duela” gehituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun