Getxoko Udalak 59.800 euro onartu ditu euskara ikastea eta erabiltzea sustatzeko

Erredakzioa 2021ko mai. 24a, 15:35

Euskara ikasi, ezagutu eta erabiltzea sustatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabalduko du Getxoko Udalak bihar, martitzenean. Horretarako, 59.800 euro zuzenduko ditu, 6 ildotan banatuta. Partidarik handienak bi dira: euskara ikasteko herritarrei eskaintzen zaizkienak baliabide ekonomikoen arabera, eta 6 eta 15 urte bitarteko adingabeei euskara ikasteko eskaintzen zaizkienak, horiek ere baliabide ekonomikoen arabera.

Martitzenean, hilaren 25ean, zabalduko da euskara ikastea, ezagutzea eta erabiltzea sustatzeko diru laguntzak eskatzeko epea. 2021ean Getxoko Udalak 59.800 euro zuzenduko ditu diru-laguntzetara, 6 ildotan banatuta. “Haur eta gazteei eskaintzen zaizkien diru laguntza hauekin haien hizkuntza gaitasuna sustatu nahi dugu, euskara belaunaldiz belaunaldi eta etenik gabe geroratzera lagundu nahi dugu eta, aldi berean, belaunaldi berrietako euskaldunentzat euskara erabilera-eremu berezi eta garrantzizkoetarako atsegin izatea ere. Hori dela eta,  garrantzi berezia ematen diogu gazteenek ikasteari eta erabiltzeari, eta horregatik ildo berezi bat dedikatzen diegu”, azaldu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak. Aurten, eskaera guztiak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira.

Laguntzen ildoak

Lehenengo ildoan, baliabide ekonomikoen arabera, 30.0000 euro aurreikusi ditu Udalak, eta bigarrenean, euskalduntze ikastaroetan diharduten gazteen eta umeen (6tik 15 urtera bitartean jaiotakoak, biak barne) matrikula ordaintzera laguntzeko 15.800 euro bideratu dira. Bi kasu horietarako eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Egun horretan ere amaituko da Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko laguntza eskatzeko epea. Horientzat 1.000 euro onartu ditu Udalak.

Era berean, 4.000 euro izango dira gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzat, eta beste 1.000 euro elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskaraz. Bi ildo horietarako eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da.

Azkenik, urtero bezala, 7.000 euro bideratuko dira errotuluak, olanak, pertsianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da enpresentzat. Diru-laguntza horiekaz batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko xedez, tartean, itzulpen zerbitzua, aholkularitza, ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua, eta merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio zerbitzuak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun