Aurrekontu parte-hartzaileen "manipulazioa" eta "informazio-falta" salatu dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 25a, 14:47

Herritarrek gehien bozkatu dituzten proposamen batzuk aurrekontu parte-hartzaileetatik "baztertu" egin direla salatu du EH Bilduk; era berean, deitoratu du boto bakarra jaso duten beste batzuk aukeratu direla. Hala ere, Partaidetza Zerbitzuko zinegotzi Ainhoa Galdurozek azpimarratu du Udaleko zerbitzu teknikoek proposamen guztiak aztertu dituztela eta aurrez ezarritako irizpideak betetzen dituztenak onartu direla.

Otsailaren 25etik martxoaren 14ra bitartean garatu da 2022ko aurrekontu parte-hartzaileen lehenengo fasea. Denera, 644 herritarrek parte hartu dute –29 nuluak izan dira–, eta 900 ekarpenetik gora egin dituzte. Prozesuaren lehenengo fasea amaitu ondoren, Udaleko zerbitzu teknikoek ekarpen guztiak aztertu eta 8 proiektu aukeratu dituzte, ondoren, bigarren fase batean, herritarrek horien guztien lehentasuna erabaki dezaten; bozketa hori ekainaren erdialdean egingo da. Hauexek dira onartu dituzten proiektuak:

  1. Belaunaldien arteko parke bat sortzea eta hori estaltzea, Algortako Arene kalean, igogailuen ondoko zelaigunean.
  2. Ezohiko egitarau kulturala sortzea, artista lokalak batu eta kaleak dinamizatzeko.
  3. Kostaldeko pasealekuak hobetzea.
  4. Udalerriko ibilbideen berri emateko gida bat sortzea.
  5. Fadura kiroldegiko trinketa egokitu eta margotzea.
  6. WiFi guneak sortzea kalean, Xake, Gernika, Telletxe eta Andra Mari parkeetan.
  7. Berdintasunaren eta feminismoaren aldeko kontzientziazio-kanpainak egitea.
  8. Gabriel Ramos Uranga kaleko bide, joko eta berdeguneak hobetzea.

Aurreko asteko Herritarren Batzorde Informatiboan eman zituzten lehenengo fasearen emaitzen berri, eta, bertan, eztabaida piztu zen hainbat alderdiren artean –ikusi hemen eztabaida osoa, bideoan–. EH Bilduren arabera, hainbat proposamen desagerrarazi ditu Udalak, hala nola Alangoko gasolindegia berreskuratzea, Bizkaiko Zubiko plazako lurzorua konpontzea, bidegorri-sarea handitzea eta dispertsioak sortzen dituen gastuei aurre egiteko diru-laguntzak martxan jartzea, "proposamenok bozka asko jaso dituzten arren". Horien ordez, koalizio abertzaleak deitoratu du gobernu-taldeak beste hainbat egitasmo proposatu dituela, "bozka gutxiago" jaso dituen arren. Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, deitoratu du emandako informazioa "oso murritza" dela, eta, horrela segituz gero, herritarrek ezin izango dutela zer bozkatu: "Ez dute jakingo zer ari diren bozkatzen". PPk, aldiz, deitoratu du proposatutako hainbat ekimen bozkatu direla hainbat osoko bilkuretan, eta aurrekontu parte-hartzaileak heldu arte itxaron behar izan dutela horiek onartzeko; gogoratu dute, gainera, eurek proposatzen dituzten ekimenak ere herritarren iritziak batzen dituztela.

Galdera eta kexa horiei erantzunez, prozesuko arduraduna den Partaidetza Zerbitzuko zinegotzi Ainhoa Galdurozek nabarmendu du jasotako proposamen guztiak aztertu dituztela zerbitzu teknikoek, eta, ondoren, aurreikusitako irizpideak kontutan hartuta, zortziok aukeratu dituztela, betiere udalerri osorako "interes orokorra" bilatuta. Era berean, gogoratu du jasotako proposamen batzuk –Xake plaza egokitzearena kasu– aurreko prozesu parte-hartzaileetako batzuetan jaso zirela, eta egiteke daudela orain.

Hala ere, koalizio abertzalearentzat "aitzakiak" baino ez dira horiek eta herritarren iritzia "manipulatu eta emaitzak aldatu" dituztela salatu du: "Gobernu-taldeak hainbat aitzakia erabili du, proiektu batzuek ez dutela interes orokorra bilatzen (betiere euren ustez), beste proiektu batzuk martxan daudela jada... Argudio horiek erabilita, herritarrek egindako hainbat ekarpen atzera bota dituzte".

EH Bilduk proposamen guztiak batzen dituen dokumentua jarri du sarean, eta, horren arabera, dispertsioak sortutako gastuei aurre egiteko diru-laguntzak berreskuratzeko proposamena izan da bozkatuena. Hala ere, koalizioak deitoratu du babes gehien jaso duen proiektua izan arren gobernu-taldeak hori "baztertu" egin duela. Udal-arduradunak, bere aldetik, azpimarratu du EAJk "argi" utzi izan duela behin baino gehiagotan dispertsio-politika injustua dela deritzola, baina Gizarte Kohesioko teknikariek aztertu dutela egitasmoa eta, irizpideak betetzen ez duelakoan, baztertu egin dutela: "Ez da interes orokorrekoa".

Horrez gainera, koalizio abertzaleak deitoratu du gobernu-taldeak hainbat proposamen "asmatu" dituela, "edota elkarren artean inolako lotutarik ez duten proposamenak batu izenburu komun batean, botoak batu ahal izateko". Horren adibide jarri du udalerriko haur-parkeak hobetzeko herritarrek egindako proposamenak. Kasu horretan, talde abertzalearen arabera Udalak proposamenak "birformulatu" ditu, Arene kaleko haur-parke bat estaltzeko proiektua sartuz. Gogoratu duenez, parke hori eraikitzeke dago oraindino, eta, ondorioz, "gobernu-taldeak aurreikus zezakeen aldez aurretik hori estaltzea".

Azkenik, Fadura kiroldegiko trinketaren egokitzearen proposamenaren harira, PP harrituta agertu da egitasmo horregaz, zalantzan jartzen duelako benetan horrek interes handia sor dezakeenik: "Nork erabiltzen du gaur egun trinketa?". Alderdiek jakinarazi dutenez, egitasmoak boto bakarra jaso du, eta horren baieztatzea defendatu du udal-arduradunak esanez Getxo Kirolak erakundeari lotutako proposamen asko jaso dituzten arren, horiek daborduko aurreikusita daudela "Thinking Fadura" egitasmoan, "eta horregatik pasatu dela hori".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun