Sorotan Beleri omenaldia eta "Txarriboda" antzerki-kabareta izango dira nagusi aste-akabuan Muxikebarrin

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 09:48

Sorotan Bele gogoan izeneko kontzertuan, euskal folk-pop talde ezagunari omenaldia egingo diote Muxikebarri zentroan datorren domekan, maiatzak 30. Emanaldia 18:00etan hasiko da eta bertan Gorka Sarriegi eta Urbil Artola taldeko bi kidek hartuko dute parte, Getxoko Andrés Isasi Musikalia Bandagaz batera. Oraingoan, Ane Legarretak zuzenduko du banda, 38 instrumentista bilduko dituena. Kontzerturako sarrerak agortuta daude.

Iaz 30 urte bete ziren talde hondarribitarra sortu zenetik, eta ibilbide laburra izan arren (1990-1996), arrakasta handia izan zuten irlandar erritmoak pop eta rock doinuak uztartuz.

Sorotan Bele gogoan kontzertuaren bidez, taldearen abesti esanguratsuenetako batzuk berreskuratu dira herritako musika bandek interpretatzeko egokituta. Xabier Zabala arduratu da moldaketez, eta horien bitartez taldearen musika ikuspegi berri batetik hurbilduko diote publikoari.

Txarriboda antzezlana

Zapatuan, hilak 29, eskarmentu handiko Hika Teatroa konpainia donostiarrak bere azken lana taularatuko du Muxikebarrin, Txarriboda, hain zuzen ere. Agurtzane Intxaurragaren testuakaz eta Onintze Enbeitaren musika-berbakaz, euskarazko antzerki-kabaret lan honek ezkontza baten ospakizuna kontatzen du, modu lotsagabean, emozio zuzen eta biluzietan hika egiteko. Kontakizun basati gisa planteatuta, nortasuna, familia edo lan-prekarietatea bezalako gaiak jorratzen ditu umorez.

Ikuskizun horretaz gozatu gura baduzu, HIRUKAk 3 sarrera bikoitz zozkatuko ditu. Parte hartzeko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun