Tokiko kontsumoa sustatzeko sentsibilizazio-kanpaina abiatu dute Getxon

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 12:01
Areeta erdiguneko komertzio-gunea.

Udalerriko ekonomiaz sentsibilizatzeko eta hori sustatzeko publizitate-kanpaina jarri du martxan Getxolanek. "Garrantzitsuena beti eskura" egitasmoa urte amaierara arte egongo da indarrean, eta asmoa da udalerriko 1.300 enpresa eta saltoki baino gehiago ikusaraztea eta horietan kontsumitzera animatzea.

Getxolan Udaleko Ekonomia Sustatzeko Sailak "Garrantzitsuena beti eskura" herriko ekonomiaz sentsibilizatzeko eta hori sustatzeko publizitate-kanpaina jarri du abian, urte amaierara arte. Ekimen hori proposamen gisa jaso zen 2020ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan, eta helburua da herritarrei ikusaraztea eta animatzea udalerriko 1.300 enpresa eta saltoki baino gehiagotan kontsumitzera. Kanpainan 80.000 euro inbertituko dira "Getxo Ekinez" Planaren barruan, COVID-19aren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko. Online zein offline publizitate-ekintzak egingo dira (kartel handiak kaleetan, metro-geltokietan, Bizkaia Zubiaren ondoan, irrati-iragarkiak, sustapen-bideoak…).

Amaia Agirre alkateak adierazi duenez, "krisi sanitarioak eragindako inpaktuaren eta mugikortasun murrizketen ondorioz, pertsona asko gertukoaren garrantziaz jabetu dira. Herrian kontsumitzen dugunean, etorkizuna sortzen dugu, gure udalerria bizirik egoten laguntzen dugulako; enplegua sustatzen laguntzen dugu, gure bizilagunen establezimenduetan erosten dugulako; bizitzaz betetzen dugu, antolatzen dituzten jardueretan parte hartzen dugulako, eta jasangarriagoa egiten dugu oinez, bizikletaz edo garraio publikoan lekualda gaitezkeelako. Gure esku dago herrian kontsumitzea, baina, leloak ondo dioen bezala, garrantzitsuena eskura daukagu beti, eta Getxon merkataritza-, ostalaritza-, aisia- eta zerbitzu-sektoreetako 1.300 enpresa baino gehiago ditugu, guztiok bizitza errazagoa izan dezagun". Publizitate-sustapena, hainbat bitartekoren bidez eta udalerriaren ingurunearen eragin-eremuan egingo da, Plentziatik Erandiora.

Sentsibilizazio-kanpaina horren diseinuan inplikatutako jarduera-sektoreek ere parte hartu dute, mahai sektorialen eta Aholkularitza Foroaren bidez. Gainera, Ekonomia Sustatzeko arloak duela urte batzuetatik garatzen dituen edo etorkizun hurbilean garatuko diren beste ekimen batzuekin bat egiten du, besteak beste honako hauekaz: GetxoBono, kontsumoari buruzko sentsibilizazio-kanpaina puntualak (Gabonak), Saldoen Merkatuak… Gainera, sektoreagaz lankidetza estuan lan egiten da digitalizazioari laguntzeko (e-commerceko plataformetan, sare sozialetan, GetxoaktibaTU), elikadura osasungarri eta jasangarriko ekimen eta establezimenduak sustatzeko (Km0 establezimenduak, Kalitatea, Eco, soltean, plastikorik gabe, Euskadi Gastronomika…) eta establezimenduak hobeto kudeatzeko aholkularitzan (banakako aholkularitza, kalitate-prozesuak, turismoaren kode etikoa).

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun