Kutsadura murriztea izpide, Aste Berdea egingo dute ekaineko lehenengo astean Getxon

Erredakzioa 2021ko mai. 27a, 10:38

Aste Berdea izango da Getxon ekainaren 4tik 10era. Ingurumen Sailak antolatuta, "Zero kutsadura" izango da aurtengo gai nagusia, eta, astean zehar, dibulgazio-, informazio- eta partaidetza-jarduera ugari izango dira udalerrian, ingurumenarekiko sentikortasuna bultzatzen laguntzeko eta etorkizun-sen ekologikoa aldarrikatzeko asmoz.

Aurten ere, Getxoko Udaleko Ingurumen Sailak Aste Berdea antolatuko du eta ‘Zero kutsadura’ izango da gai nagusia. Ekainaren 4tik 10era, astean zehar, dibulgazio-, informazio- eta partaidetza-jarduera ugari izango dira udalerrian, ingurumenarekiko sentikortasuna bultzatzen laguntzeko eta etorkizun-sen ekologikoa aldarrikatzeko helburuarekin. “Aurten Aste Berdea ospatuko dugu gure ingurumenaren ikuspegi ekologikoan sentsibilizatzen jarraitzeko. Eta, horretarako, jarduerak antolatuko ditugu, parte hartzeko eta gure hurbileko natura garbi mantentzearen eta harekin errespetuz jokatzearen garrantzia sentitzeko. Aurten, gizakiak sortutako hondakinei aurre egiteko eta etena jartzeko jarduerak proposatu ditugu. Naturan utzitako zabor horrek ekosistemen eta bertan bizi diren animalien zein landareen oreka aldatzen du”, Joseba Arregi Ingurumen Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak azaldu duenez.

Egitaraua

Aste Berdea ekainaren 4an (barikuan) abiatuko da, arratsaldean, itsasontzi-irteera bategaz (ordubeteko bi irteera egingo dira), familiartean gozatzeko jarduera ezin hobea, Abrako badiaren ingurumen-historia ezagutzeko, Imanol López Díaz gidari, aditu eta geologoaren eskutik.

Egitarauaren barruan azpimarratzekoa den beste jarduera bat hondakinak biltzeko kayakean egingo den irteera da; horren helburua da ingurumenarekiko errespetua bezalako balio garrantzitsua indartzea eta plastikoen arazoez jabetzea. Irteera domekan, ekainaren 6an, egingo da, goizean, eta Kirol Portutik ere abiatuta. Halaber, zapatuan, ekainaren 5ean, arratsaldean, Algortako Telletxe plazak Bigarren Eskuko Azoka hartuko du; bertan, gura duten pertsonek hainbat gauza saldu ahal izango dituzte: liburuak, jostailuak, apaingarriak, tresnak, kirol-objektuak, musika eta abar.

Horrez gainera, Aste Berdearen egitarauak beste zenbait jarduera ere aurreikusten ditu, batzuk hitzordu ekologiko honetan ohikoak direnak eta beste batzuk berritzaileak izango direnak. Horrela, ekainaren 4an, barikuan, ibilbidea egingo dute bizikleta elektrikoan itsasertzetik, herriko erakargarritasun naturalak, historikoak eta kulturalak esploratzeko modu osasungarri eta ekologikoan. Zapatuan, ekainaren 5ean, Bigarren Eskuko Azokagaz batera, honako jarduera hauen txanda izango da: ohikoa den hegaztien eraztunketa Bolueko Hezegunean, Azkorriko txilardiak berreskuratzeko boluntariotza-ekintza, taldean egiteko raid abentura bat eta gaueko mendi-ibilaldi gidatua.

Domekan, ekainaren 6an, kayak irteeraz gain, beste hiru ibilbide gehiago izango dira: mendi-ibilbide zirkularra Getxon barrena, Etorkizuna taldeagaz; geoibilbide bat edo iraganera bidaia Punta galean zehar, alderdi horretako historia eta bere flyscha ezagutzeko; eta azken ibilbide gidatu bat Algortako eta Areetako zuhaitzen ezaugarriak eta kontserbazio-egoera ezagutzeko.

Ekainaren 7tik 9ra, astelehenetik eguaztenera, aldiz, Gurutze Gorriak ateak irekiko ditu Arriluzeko kaian, lehen laguntzek hondartzan duten garrantzia ikusteko. Salbamendu-erakustaldi eta –ontzi bat ikusteko aukera izango da.

Azkenik, Aste Berdeko azken egunetan, 7tik 10era, hainbat tailer antolatuko dira: baratze bertikala, cooking challenge (elikadura osasungarriko sukaldaritza-tailerra), natura eta artilezko mandalak.

Jarduera guztiak dohakoak dira eta horietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da izena ematea, telefonoz, 605 74 90 64, edo e-postaz, getxoasteberdea@gmail.com, hautatutako jarduera, izen-abizenak eta eskuko telefonoa zehaztuz. Euria egiten badu, jarduerak lekualdatuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun