Altzari zaharrak berrerabiltzeko sistema berria jarri du martxan Getxoko Udalak

Erredakzioa 2021ko eka. 4a, 11:50
Sofa bat kalean, berrerabiltzeko zain. Artxiboko irudian.

Altzariak etxez etxe jasotzeko zerbitzu berria jarri du martxan Getxoko Udalak; asmoa da elementu horiek berrerabiltzea. Horretarako, Emaus gizarteratze-enpresa arduratuko da zeregin horretaz, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak kontratatzen dituena, alegia.

Zerbitzu honen bidez, egoera onean dauden altzariak etxez etxe jasoko dira, doan, beste pertsona batzuek berrerabil ditzaten. Horretarako, gizarteratze enpresak, altzaria behin etxetik aterata, arrazoizko prezioan jarriko ditu salgai Bizkaian dituen bigarren eskuko dendetan.

Amaia Agirre alkatearen esanetan, "geure buruari jarri diogun erronketako bat hondakinen bilketa zerbitzua hobetzea da. Helburu horri esker, Getxoko herritarrei beste aukera bat eskainiko diegu: altzariak etxez etxe doan jasotzeko zerbitzua, zabortegian ez dezaten amaitu eta, hala, egoera onean dauden altzariei beste bizitza bat eman ahal izateko. Erabiltzeko sistema erraza da, ohiko telefono dei bat nahikoa izango baita bilketa kudeatzeko”.

Zelan erabili sistema

Sistema erabiltzeko erraza da: altzari bat bota gura duenak ohiko telefonora deituko du, eta bertan galdetuko diote ea altzariak berrerabil daitezkeen. Erantzuna baiezkoa bada, whatsapp bidez argazki bat bidaltzeko eskatuko zaio, udal-zerbitzuek balora dezaten, eta horiek zehaztuko dute noiz jasoko duten altzaria bere etxean, berrerabili ahal bada. Eta pertsonak berrerabilgarritzat jotzen ez duela esaten badu, zuzenean emango zaio kalean jasotzeko eguna.

Deia egiteko telefonoa 944 644 380 izango da. Komunikazioa ezarri ondoren, Emauseko telefono bidezko arreta-guneak argazkiak bidali behar dituen zenbakia jarriko du pertsonaren eskura. Balorazio-prozesua amaitutakoan, bilketa-zerbitzuaren zirkuitua antolatuko da ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko eta energia aurrezteko, kaleen, zirkulazioaren, distantzien eta abarren arabera. Bilketa-ekipo bakoitzak kale-izendegi zehatz bat izango du kokapen bakoitza behar bezala aurkitzeko. Etxera egingo da bisita, behar bezala identifikatuta eta oharrean idatzitako objektuak eramango dira, bai eta eskarian jaso ez arren programatutako lanaldia eteten ez dutenak ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun