Ekimen horiek Getxon egoitza soziala duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoei irekita daude, eta jaietarako erabili ez diren baliabide ekonomikoekin ordainduko dira, jai-batzordeagaz ezarritako konpromisoari erantzunez, udal-iturriek zehaztu dutenez.
Jaietan aurrez aurrekoak ez diren jardueren deialdia, gehienez ere 31.250 eurokoa, kultura-intereseko ospakizun edo ekitaldiak ospatzera bideratuta dago. Jaiak gizarteratzeko, honako ekitaldi hauek proposa daitezke: oroitzapenezko bideoak egin eta zabaltzea, streaming bidezko ikuskizunak kontratatu eta ematea, online lehiaketak eta merchandising materialen diseinatu eta ekoiztea. Eskaerak aurkezteko epea auzo bakoitzeko jaiak baino 30 egun lehenago itxiko da, San Juan jaiak izan ezik (Andra Mari eta Zubilleta auzoak), horiek hasi baino 10 egun natural lehenago amaituko baita.
Bestalde, jaiegunetatik kanpo Kultura Asteak egiteko deialdiak 177.490 euroko gehienezko aurrekontua izango du. Getxoko auzoetan soilik antolatu ahal izango dira, eta honako ekitaldi motak hartzen ditu: kontzertuak, antzezlanak, emanaldiak, ikuskizunak, hitzaldiak, bertsolari-saioak, zinema-emanaldiak, tailerrak eta deialdiaren baldintzak betetzen dituzten era guztietako ekitaldi eszenikoak. Horiek nahitaez egin beharko dira aire zabaleko esparru itxi eta edukiera mugatukoetan, agertoki baten gainean eta publikoa eserita dagoela, eta indarrean dagoen araudiaren COVID-19ren aurkako prebentzio-neurri guztiak zorrotz betez. Proiektuak aurkezteko epea uztailaren 5era arte egongo da zabalik.