Swim Camp Getxo taldearen aldetik, Javier Etxebestek –60 eta 64 urte bitartekoen artean– 3 garaipen lortu zituen 50 eta 100 Libre eta 50 tximeleta probetan. Era berean, Jone Martinez –20-24 urte– aurreko kideak lortutako 3 urreak berdindu zituen, 50 eta 100 Bularrean eta 100 Libreetan. Ibai Elorriagak, bere aldetik, brontzezko domina lortu zuen 50 Tximeletan, eta laugarren eta bosgarren postua 100 eta 50 librean, hurrenez hurren, 35 eta 39 urte bitarteko kategorian. Mikel Bildosolak, aldiz, proba beretan 3 urreak irabazteaz gain, Espainiako errekor bat lortu zuen 50 Tximeletan, 25,14ko marka eginda. Horrez gainera, 50 Librean 23,35 denbora egin zuen, Estatuko errekorretik 14 ehunekotara geratuz; 100 Libreetan ez zuen Europako marka berri bat ezarri 2 ehunekorengatik, 51,54ko denboran gelditu baitzuen kronometroa. Espedizioa ixteko, Lara Vicandik Estatuko errekor berri bat ezarri zuen 50 Tximeletan 30 urtetik gorakoentzat, 30,02ko marka eginda; hala, urrea eskuratu zuen proba horretan, baita 50 eta 100 libreetan ere. Guztira, 12 urre eta brontze bat eskuratu zuten Swim Camp Getxoko kirolariek parte hartutako 15 probetan.
"Swim Camp Getxoko Mikel Bildosola gizonezkoen artean txapelketako igerilari onena izendatu zuten"
Getxo Igeriketari dagokionez, Beñat Elorriaga gailendu zen 100 eta 200 Libreetan, 40 eta 44 urte bitarteko kategorian urre bana lortuz, eta zilarra 50 librean. Itziar Tardaguila ere podiumaren gorenera igo zen 400 librean, eta, proba horretan, Estatuko errekor berri bat egiteko zorian egon zen 200ean, baina 40 ehunen eskasera geratu zen; hala ere, 100 librean eta 100 Bularrean zilarra lortu zuen 30 urtetik gorakoen kategorian. Bukatzeko, Zigor Diazek 35 urtetik gorakoentzako 400 estiloetako marka birrindu zuen 4'50,22 denbora eskuratuta, aurreko errekorra 5 segundoan hobetuz eta urrezko domina erraz lortuz. Gainera, 200 tximeletako proban urre berri bat irabazi zuen. Guztira, beste 8 domina getxoztarren aldera: 5 urre eta 3 zilar.