Uribitakora

Loreek ezkutatzen dutena

Josu Landeta Egurrola 2021ko eka. 14a, 14:45

Hemen duzue entzungai Josu Landeta Egurrola ALBEko kideak martxoko HIRUKArako bidalitako argazkiari emandako erantzun ederra.

Doinua: Semaforoak gorri ta berde

Eguzki izpiek azala jartzen
dutenean gori-gori,
itsaso urdinak freskotasuna
ematen dio askori.
Aisialdiko amets den giro
gozoko ur eder hori
derrigorrezko ibilbidean
begitantzen zaigu lodi,
eta azpiko barrunbe hotza
bilakatzen da hilobi.

Iparra mapan goian da eta
hegoa ikusten da behean.
Bien arteko harresia den
Mediterraneo aldean
milaka lagun dabiltza Europa
zaharra jotzeko oldean.
Baina osin beltz ilun horretan,
modu latz bidegabean,
amets ederrak amiltzen dira
modu anker eta ahalgean.

Zenbait alditan Europa zaharra
ari gara gu goresten,
eta ideia oker horretan
hamaika gaztetxo hezten.
Gizalegean itxuraz lehena
erraz bihurtzen da azken.
Ohar gaitezen gure ur garbiek
zenbat orban lohi dituzten,
lore ederrok azpiko kaka
ez dute ikusten uzten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun