Getxoko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek elkartasuna adierazi diete Tenerifeko erailketa matxistak pairatu dituen familiari eta hurbileko pertsonei, bai eta indarkeria matxistaren biktima guztiei ere.
Eudelek gogoratu du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, "izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da". Hala, azpimarratu du emakumeenganako indarkeria, bere forma guztietan (bikarioa, psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria dela, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
"Ez da nahikoa"
Getxoko EH Bilduk, bere aldetik, deitoratu du Udalaren jarrera, Euskal Herrian beste hainbat eraso matxista pairatu arren gobernuak uko egin ei diolako inolako mobilizaziorik antolatzeari. "Kasu honetan, Udalak adierazpena kaleratzea erabaki du, besterik ez". Horren aurrean, EH Bilduk uste du adierazpen bat kaleratzea ez dela nahikoa indarkeria matxistari aurre egiteko, eta aldarrikatu du lehentasun "osoa" jarri behar zaiola arazo horri aurre egiteko: "Baliabide guztiak behar ditugu honi aurre egiteko, Euskal Herriko eragile guztiekin (politiko, sindikal, ekonomiko, sozial...) eta mugimendu feministarekin batera".