Etzi, barikuan, "Uda honetan aktiba zaitez kostaldean" programa jarriko da abian, 60 urtetik gorakoentzat, Getxo Lagunkoia Zahartze Aktiboko proiektuaren eta Getxo Kirolak-en eskutik. 60 urtetik gorako pertsonentzako proposamen ludiko bat da, udako hilabeteetan, irailaren 30era arte, jarduera fisikoa eskainiko duena, irakasle espezializatuek zuzenduta. Doako saio horiek astelehenetik barikura izango dira, 10:00etatik 11:00etara, egun bakoitzean udalerriko leku batean, jarduera auzo guztietako adinekoei hurbiltzeko.
Astelehenetan eta eguaztenetan Txurruka kaiko kirol-gunean emango da saioa, Areetako hondartzaren ondoan; martitzen eta eguenetan, aldiz, Ereagako igogailuaren aurrean dagoen jolas-gunean, eta barikuetan, berriz, La Bola hondartzaren parean dagoen berdegunean. Aire zabaleko hiru eremu dira, ur-iturriakaz eta komun publikoakaz. Ez da izena eman behar, eta kirol-arropa eta botilatxo bat ur eramatea gomendatzen da.
Programaren helburua da egoera fisikoa hobetzea, bi ekintzaren bidez: batetik, helmugara joateko ibiltzeak sortzen duen ariketa, eta, bestetik, parkean bertan egiten den gimnastika saioa. Gainera, pertsonak motibatuko dituzte inguruko hondartzen erabilera osasungarria egin dezaten, betiere indarrean dauden segurtasun-arauak errespetatuz.