Amaia Agirre alkateak adierazi duenez, “pandemian zehar, zenbait negozio deskubritu ditugu, bertan kontsumitu edo erosi dugu, eta joera horrek jarraitzea edo goranzko joera izatea nahi dugu. Guztion artean, suspertuko ditugu osasun, kirol edo kulturarekin lotutako merkataritza, ostalaritza, eta aisialdirako zerbitzuak. Horregatik, getxobonoak erostera animatu nahi zaituztet, udalerriko establezimenduetan kontsumitzeko, eta, horrela, gure etorkizuna eraikitzen parte hartzeko”.
Bonuak abenduaren 31ra arte erosi eta trukatu ahal izango dira. Gehienez lau bonu erabili ahal izango dira erosketa/zerbitzu bakoitzeko, eta ez dago bonu-mugarik pertsona bakoitzeko.
Berrikuntza gisa, atxikitako establezimenduek eta Romo Kultur Etxeko Getxo Lagunkoia programaren arduradunek bonuak erosten lagunduko diete adinekoei, eta nola erabili ere azalduko diete.
Ostalaritzarako bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan soilik erosi ahal izango dira. 20 euroko 5.720 bonu egongo dira salgai 30 euro gastatzeko, eta 10 euroko beste 5.760 bonu 15 euro kontsumitzeko, bi kasuetan, kontsumizio batean edo batzuetan, beti ere establezimendu berean.
Bestalde, merkataritzarako eta zerbitzuetarako bonuak www.getxobono.eus webgunean soilik erosi ahal izango dira, eta bertan ere izango dira ikusgai atxikitako establezimenduak. 34 euroko 21.840 bonu (50 euro kontsumitzeko) eta 17 euroko 15.840 bonu (25 euro gastatzeko) egongo dira salgai.