LGTBI+ politiketarako zerbitzua sortzea proposatu du Getxoko EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 09:12
Ekainaren 28a oroitzeko murala, Algortan. © GETXOKO EH BILDU

Koalizio abertzalearen ustez, premiazkoa da Getxoko Udalak LGTBI+ politiketan parte-hartze aktiboa izatea. "Ez da nahikoa urtean birritan adierazpen bat kaleratzearekin, beharrezkoak ditugu politika integralak eta eragile ezberdinekin harremana izatea urte osoan zehar".

Urtero legez, ekainaren 28an sexu-aniztasunaren aldeko aldarria ozen entzungo da Euskal Herri osoan. Izan ere, EH Bilduk gogoratu duenez, askotan kontrakoa zabaltzen den arren, oraindino badago asko borrokatzeko eta aldarrikatzeko, hala nola eraso homofoboak, maitasun lesbikoaren ikusgaitasuna, lumafobia, serofobia, intersexualitatearen inguruko ezjakintasuna, trans pertsonen eskubideen kontrako erasoak, LGTBI+ nagusien ikusgaitasuna, pinkwashing edo "gay kapitalismoaren" erabilera politiko eta ekonomikoa.

Orain gutxi, Basaurin jazotako azken erasoak agerian utzi du LGTBI+fobia oso presente dagoela inguruotan. Halakoa eraso zuzena izan zen, baina zeharkakoak ere badaudela azpimarratu du koalizio abertzaleak: "Imajinario kolektiboan sendo ezarrita dauden baina, hala ere, erasoak eta diskriminazioak sortzeari utzi ez dioten portaerei erantzunez".

2019an, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen gorroto-delituak % 8,6 areagotu ziren espainiar Estatuan; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren postuan daude, Andaluzia eta Madrilen atzetik. "Datu horien arabera, ez dago zalantzarik: erakundeek parte-hartze aktiboagoa izan behar dute LGTBI herritarren eskubideen defentsan", ondorioztatu du talde politikoak.

Parte-hartze aktiboagoa

EH Bilduren ustez, premiazkoa da Getxoko Udalak LGTBI+ politiketan parte-hartze aktiboagoa izatea. "Ez da nahikoa urtean birritan adierazpen bat kaleratzearekin, edota ekimen sinboliko bat egitearekin. Beharrezkoak ditugu politika integralak, sentsibilizazio kanpainak: ikastetxetan, gaztelekuan, kultur arloan, kalean, hedabideetan... urte osoan zehar, eragile ezberdinekin harremanetan".

Horretarako, Udalak baliabideak handitzea eta Berdintasun Zerbitzuaren gain-kargarik ez sortzea eskatu dute abertzaleek: "Hori dela eta, beharrezkoa ikusten dugu sexu-aniztasunarekin lotutako zerbitzu bat sortzea Getxon, Berdintasun Zerbitzuarekin harremanetan egongo dena".

EH Bildutik uste dute Getxok ere baduela biztanleria eta tamaina nahikoa halako zerbitzu bat sortzeko. "Zalantzarik gabe LGTBI+ politikak gure lehentasunen barruan kokatu behar ditugu, eta ez mugatu egutegian hiru datetara". Horregatik guztiagatik, honakoa proposatu dute: "Getxoko Udaleko Osoko Bilkurak Gobernu Taldeari eskatzen dio abian jar dezala LGTBI+ politikak aurrera eramateko udal zerbitzua, Berdintasun Zerbitzuarekin harremenatan egongo dena, beharrezkoak diren baliabideekin. Bere helburua, besteak beste, LGTBI+ pertsonen aurkako diskriminazio- eta indarkeria-egoerak antzematea izango da, eta horren aurrean sentsibilizatzeko eta jarduteko ekintzak egingo ditu, ikerketaren, prebentzioaren eta salaketaren bidez, Getxoko eragileekin batera".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun