Igande arratsaldea zen lagun baten deia jaso nuenean. Asteburua mendi aldean igarotzeko asmoz, landetxe polit batera joan eta han igaro zituen bi egun. Ez zen horra joaten zen lehen aldia, txikitan, gurasoekin egonda baitzegoen. Baratze handia zuen etxeak inguruan, eta landa giroko bizimodua antzeman zitekeen edonon. Hala ere, haserre deitu ninduen lagunak. Txikitan ikusitako idi eta astorik ez zegoen jada; haien ordez traktore automatikoek lantzen zuten lurra.
Orduan konturatu nintzen bere atsekabea baserri-bizitzaren inguruan zituen estereotipoek sortu zutela, eta antzeko sentipena izan nuen nik ere euskararen historian murgildu nintzenean. Begirada batez, euskalkiei buruzko bi estereotipo identifikatu ahal izan nituen.
Proposamen ugari egon dira euskalkien historia eta jatorriari buruz. Askok, antzinako euskal leinu edo tribuak gure hizkerekin mintzatzen zirela uste zuten. Hara, hona lehen estereotipoa! Ikuspuntu idiliko eta erromantikoek gure hizkuntzaren historia zipriztindu dute sarri, eta ikerlariek ere zama horrekin aztertu behar izan dute euskalkien historia.
Hizkuntza orok, denboran zehar, aldatzeko joera du. Ez da kontu berria eta, hortaz, inork ez luke pentsatuko Lemoizko gazteek eta antzinako baskoiek euskara bera hitz egingo luketenik, inondik inora ere! Euskararen historia aztertzeak dakartzan zailtasunak kontutan hartuta, gaur egun atera dezakegun ondorio argiena da euskalkiak V-VI. mendean hasi zirela garatzen. Ordutik, gutxika-gutxika hizkerak banatuz eta adarkatuz joan dira, eta hala jarraituko dute.
Badirudi banaketa hartan lehena ekialdeko eremua izan zela, alegia, Zuberoako eta Erronkari aldeko bailarak. Ondoren etorriko zen gure herrietako hizkeren adarkatzea, bai, mendebaldeko euskalkiarena; Bizkaia, Araba zein Gipuzkoako eremu zabalak hartu zituen mende horietan zehar.
Arabako euskara, ordea, Bizkaiko eraginen menpeko hizkera ahultzat hartu da sarri, tropelaren azken txirrindularia balitz bezala, mendatea ezin igo, mingaina kanpoan eta izerdia bekokian. Hortxe duzue bigarren estereotipoa!
Bada, gero eta argiago dago ez zela hala izan. Arabako lautadak eta Gasteizek gidatu zuten aspaldi mendebaldeko euskararen tropela. Urkiolako bihurguneetatik behera, herri eta hiri guztietako hizkeretan gaur arte iraun duen arrasto nabaria utzi du. Tira, ez ote zen Arabako euskara traktore automatiko izango?