Aurten, saio nagusiak 19:00etan hasiko dira, eta, horietan, folk eszenako artista eta talde ospetsuak ariko dira, berbarako, Amparanoia, espainiar Estatuko musika mestizajearen aitzindarietako bat. Amparo Sanchez fusio-musikako emakumezko figurarik nabarmenetako bat buru duela, Lavapiesen taldea Himnopsis Colectiva bere azken lanaren kantak ekarriko ditu Getxora irailaren 24an, barikuan. Diskoak, besteak beste, cumbia erritmoen, western soinuen, mugako rockaren, reggae Karibeko rockaren, pop progresiboaren, hiri-erritmoen eta musika elektronikoaren bidez dantzatzeko gonbita egiten du.
Irailaren 25ean, aldiz, doinu zelten txanda izango da, Carlos Nuñez gaita-jotzailea Xurxo anaiagaz batera ariko baita. Folk musikaren transmisioan familiak duen garrantzia azpimarratu gura du Kultur Etxeak kontzertu horren bitartez, galiziar folkaren erreferentzia diren anaiak protagonista direla. Saioan beren lan ezagunenetako batzuk interpretatuko dituzte, eta beste familia-bikote baten laguntza izango dute: Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpa nafarrek osatutakoa, hain zuzen ere.
Irailaren 26an Folk jaialdiak tangoaren maisu handienetako bat omenduko du, bere jaiotzaren mendeurrenean: Astor Piazzolla. Horretarako, Carbone Tango Ensemblek Cyclical Tango ikuskizuna eskainiko du. Fabian Carbone bandoneonistak gidatuta, taldeak piano, biolin eta kontrabaxu oinarri hartuko du Argentinako musikari ospetsuaren obra aipagarrienetako batzuk berpizteko, dantza-bikote batek lagunduta.
Beste jarduera batzuk
Jaialdiaren gainerako hiru kontzertuak hurrengo asteetan iragarriko ditu Getxoko Kultur Etxeak. Horiez gain, irailaren 25ean, zapatuan, 12:30ean eta 16:30ean familientzako doako bi emanaldi izango dira. Sarreren salmenta uztaileko bigarren astean hasiko da.