Getxoko itsasertzeko irudia berrituko duen obra abiatu dute Begoñako galerietan

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 13:47

Ekainean hasi da Begoña galeriak berreskuratzeko orain arte egin diren obren faserik handiena, Getxoko itsas frontearen irudia eta Bilborako itsas sarrera nagusia aldaraziko dituena, hain zuzen ere. Esku-hartzeak Ricardo Bastidak duela mende bat pentsatutako bi pabiloien gainean dihardu: Horacio Echevarrieta enpresaburu eta handikiaren ordezkaritza-aretoan eta hego-mendebaldeko pabiloian, familiaren aisialdirako eta gozamenerako den horretan, Abrako badiaren aurrean. Leku sinboliko horiei galdu duten funtzionaltasuna itzuli gura zaie, eta, oraingoan, Getxoko biztanleei zabalik dagoen erabilera emango zaie.

Hil honetan hasitako lanokaz, pabiloi bi horiek bizitzaz bete eta fatxaden distira berreskuratu gura dute arduradunek. “Prozesu honen emaitza Aretoa jarduera soziokultural, sortzaile eta berritzaileetarako topagune gisa erabiltzea finkatzea izango da eta, aldi berean, herritarrentzat espazio berri bat irekitzea hego-mendebaldeko galerian. Galeria hau orain arte jendearentzat itxita egon da segurtasun-arrazoiengatik, baina esparru historiko honen "puntan" duen kokapen estrategikoagatik hirian erakusketak egiteko erakusleiho paregabea bihurtuko da”, adierazi du gaur prentsaurrekoan Amaia Agirre Getxoko alkateak. Horrela, gehitu du Agirrek, “obrak gure itsas aurrealdeko fatxada handi horri emango dio distira, Begoñako galeriei balioa emateko proiektuaren faserik ikusgarrienetako batean. Azpimarratu behar da proiektu honen kudeaketa-ereduak aintzatespenak jaso dituela, adibidez estatu mailan, ondare-arloko esku-hartze irekiaren erreferente gisa, eta baita Eusko Jaurlaritzarena ere, kultura eta sormena sustatuz toki-garapenerako proiektu estrategikotzat jo delako”.

Proiektuan jasotzen diren jarduketek egituraren zatirik kaltetuenak finkatuko dituzte, eta terrazetan esku hartuko dute ura sar ez dadin, hori baita monumentuaren degradazioaren arrazoi nagusia. Baina arreta-gunea fatxadetan jarriko da, eta fatxadak leheneratzeak kostaldeko paisaia goitik behera eraldatuko du, ondare-ondasun baten distira galdua berreskuratuz, urteetan zehar eszenografia iluna izan baita inguru horretan paseatzen ibili denarentzat.

Galerien balio ukaezin eta aintzatetsiak zaharberritze-prozesu zehatza ekarri du, Euskal Herriko Unibertsitatetik egin den diziplinarteko ikerketan lortutako emaitzakaz eta Unescok ondarearen gaineko esku-hartze zorrotza eta sozialki errentagarria garatzeko zehaztutako nazioarteko irizpideakaz bat etorriz.

Dibulgaziorako tresna

Esku-hartzeak irauten duen urtean zehar, monumentua zaharberritzeko prozesuaren konplexutasuna bertatik bertara ezagutzeko aukera izatea aurreikusi da, obra bera herritarrentzat eskuragarri izango den dibulgazio-tresna eta hezkuntza-tresna bilakaraziz. "Obretan eta irekita" ereduari jarraipena emateko, Eusko Jaurlaritza EAErantzat ekimen kultural eta sortzaile estrategikoetako bat dela aitortu zuen, eta Punta Begoña Fundazioa arduratuko da obra zuzentzeaz eta balioesteaz, Getxoko ondarearen alde egingo duen lehen jardueran. Ildo horretan, Maria Peraita Fundazioko zuzendari gerenteak aurreratu duenez, "esku-hartzeak iraungo duen urtean zehar, bere balio didaktikoak aprobetxatuko dira, jarduera guztientzako eskuragarri dagoen dibulgazio-esperientzia bihurtzeko. Horrela, osasun-egoerak aukera ematen duen heinean, obra bisita gidatuekin, doktorego-praktikekin, prestakuntza-tailerrekin edo kultura- eta sormen-ekitaldiekin egokituko da, eta monumentua erabiliko da prozesua amaitu arte itxaron gabe".

Bost arkitektura-taldek parte hartu zuten proiektuan, eta Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuak gainbegiratu zuten. Proiektuak "ahalik eta esku-hartze txikiena egiten du eraikinean, eta ahalik eta errespeturik handiena bermatzen die jatorrian erabilitako espazio, material eta teknikei. Aldi berean, teknologiarik berriena erabiltzen du monumentuaren eta ingurumenaren gaineko eragina murrizteko. Horren erakusgarri da izotz lehorrarekin fatxada garbitzeko erabiliko den metodoa; teknika horrek jatorrizko materialarekin zerikusirik ez duten elementuak ekartzea saihesten du, hondakinik sortzen ez duen bitartean", azaldu du Peraitak.

Jarduteko eredua irekia, gizarteagaz konprometitua eta zehatza denez, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren konfiantza jaso du, obraren zatirik handiena Kulturaren %1,5eko programaren bidez finantzatzen baitu, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren konfiantza ere, esku-hartzearen beraren balioak hedatzeko jardueretan laguntzen baitu. Getxoko Udalak, exekuzioaren sustatzaileak, inbertsioa osatu du, udalerriko eta EAEko herritarren zerbitzura dagoen erakundeen arteko koordinazio-erronka honetan.

OBRAREN DATUAK

Obrak: Aretoa eta hego-mendebaldeko pabiloia eta fatxadak babestea eta sendotzea, jatorriz Ricardo Bastida arkitektoak asmatuak, horiek berreskuratzeko eta jardueraz betetzeko helburuagaz. Parte-hartze sozialean eta ezagutzaren transmisioan oinarritzen den esku-hartze prozesua da.

Obren hasiera: 2021eko ekaina

Obren amaiera: 2022ko ekaina

Inbertsioa: 960.361 euro

Obren zuzendaritza: Punta Begoña Fundazioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun