Diskriminaziorik, estigmatizaziorik eta indarkeriarik gabeko udalerria aldarrikatzea da Getxoko Udalak ekainaren 28an ospatzen den LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, antolatutako jardueren egitarauaren helburua. “Sexualitatea eta generoa bizitzeko eta adierazteko modu guztiekiko errespetua, askatasuna eta aitorpena aldarrikatu nahi ditugu, eta horregatik gure udalerria justua, berdintasunezkoa eta inklusiboa izatea nahi dugu. Hori dela eta, herritarrak sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldiekin bat egitera animatzen ditugu”, nabarmendu du Amaia Agirre alkateak.
Egitaraua
“Getxoko Udalak antolatutako jardueren egitarauak LGTBI+ pertsonen borroka eta eskubideak ikustarazi nahi du”, azaldu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak. Horretarako, LGTBI bandera duten pankartak jarri dira Udaletxean, Santa Klaran, Muxikebarrin, San Nicolás liburutegian, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan eta Bizkaiko Zubian. Era berean, ekainaren 25etik uztailaren 2ra bitarteko gauetan, Zugazarte pasealekua eta Portu Zaharreko, Alangoko eta Txakursolo-Ormetxeko udal-igogailuak banderaren koloreakaz argiztatuko dira, eta hilaren 28an, 12:00etan, ekitaldi instituzional bat egingo da.
Zapatuan, ekainaren 26an, Muxikebarrin, Lurrun Minez drama psikologiko, soziala eta sexuala izango da, euskaraz; sarrera 8 euroan eros daiteke. Azkenik, ekainaren 29an, 19:00etan, Teresa Castroren eskutik Viñetas de tortas y bollos berbaldia egingo dute Getxo Elkartegian, gazteleraz. Sarrera doan izango da, lekua bete arte.