Elkarrekin Podemos taldeak gogor kritikatu du emantzipaziorako diru-laguntzak berraktibatzeko atzerapena, eta gobernu-taldeari (EAJ eta PSE-EE) eskatu dio argitu dezala zein deialdiri dagozkion laguntza horiek, hau da, atzeratutako deialdia den edo 2021. urteari dagokion. "Edonola ere", esan dute, "aurtengoa bada ere, atzerapenarekin dator, joan den abenduan 2021eko lehen hilabeteetarako prest izango zituztela adierazi baitziguten".
Udal-arduradunek martxoan esan zutenez, Etxebizitza Arloan langilerik ez dagoelako izan da atzerapen hori, eta Elkarrekin Podemosek gogor gaitzetsi du justifikazio hori; izan ere, uste du "ulertezina" dela hain premiazko eta beharrezkoak diren laguntzak geldirik egotea, "egon behar ez lukeen eta gobernu-taldearen esku dagoen arazo batengatik".
Pandemiaren ondorio ugarietako bat izan da gazte askoren egoera ekonomikoa larriagotzea; izan ere, talde moreak gogoratu duenez, gazte asko langabezian geratu dira, eta, ohiko etxebizitzen alokairu-gastuei aurre egin ahal izateko, horrelako udal-laguntzen mende daude. Hori guztia kontuan hartuta, eta alokairu garestienak dituen udalerrietako bat dela gogoan izanda, Elkarrekin Podemosek deitoratu du gazteek bizi-proiektuak garatzeko dituzten aukerak "izugarri" mugatuta dituztela.
Apirilean, Elkarrekin Podemosek Getxon etxebizitza eskubidea defendatzeko mozioa aurkeztu zuen. Bertan, ekintza zehatzak proposatzen zituen, hala nola Udalak alokairu-kontratuetan gehiegizko prezioak eragozteko mekanismoak aktibatzeko konpromisoa. Gobernu-taldeko alderdiek eta PPk kontra bozkatu zuten, baina koalizio ezkertiarrak berretsi du "Getxoko gazteek etorkizun duina izan dezaten lan egiten jarraitzeko" konpromisoa, "bizi proiektua garatzeko udalerritik alde egin behar izan gabe".