Eztabaidaz beteriko osoko bilkura Getxon

Erredakzioa 2021ko eka. 25a, 09:24

Besteak beste, atzo egindako osoko bilkuran, lorezaintza zerbitzua adjudikatzeko espedientea abiatzea, Udal Araudi Organikoaren 36. artikulua aldatzea –aurrekontuei buruzkoa da hori– eta TAO zerbitzua eraldatzeko proposamena onartu dira. Bozketa gehienetan oposizioak gogor egin dio kontra udal-taldeak aurkeztutakoari.

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoakaz, PPren eta EH Bilduren aurkakokaz eta Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz, atzo goizeko ohiko osoko bilkuran onetsi egin zen lorezaintza zerbitzua adjudikatzeko espedientea abiatzea. Gobernu-taldeak adierazi du adjudikazio berriaren helburua dela ingurumenaren jasangarritasun alorrean urrats gehiago ematea. Hala, informazio geografikoko sistema txertatuko da zerbitzuaren kudeaketa integralerako; auto-ureztatze guneak eta horien kudeaketa areagotuko dira; zenbait igitatze gune automatizatuko dira, eta zuhaitz ale autoktonoak landatzeko eta inausketak egiteko irizpide berriak aplikatuko dira.

Hori guztia berdeguneei eta zuhaiztiei buruzko etorkizuneko plan zuzentzailean txertatuko da. Lau urteko iraupena (gehi beste urte batez luzatzeko aukera) duen kontratu hori adjudikatu ostean egin behar da plan hori. Bestalde, flotaren energia-trantsizioagaz aurrera jarraituko da. Horretarako, gasezko ibilgailuak eta ibilgailu elektrikoak gehituko dira aurrerantzean egiten diren erosketetan. Inausketen arrasto oro konpostatzeko betebeharra ezarriko da, eta mantendu egingo dira herritarren gogobetetasunari buruz bi urtean behin egiten den inkesta eta zerbitzuei lotutako abisuen, kexen eta iradokizunen memoria.

Mantentze-lanen xede den azalera osoa 517.000 metro koadro ingurukoa da, hau da, aurreko kontratukoa baino %9 handiagoa. Eta 14.233 zuhaitz baino gehiago, lerrokatuak nahiz berdeguneetan daudenak. Kopuru hori ere areagotu egingo da lau urteotan.

Kontratuaren zenbatekoa 10,7 milioi euro ingurukoa da (2.672.794 euro urtean), eta zerbitzuan 38 langile subrogatuko dira.

EH Bilduk honako gai hauei buruz egindako ekarpenak sartu dira proposamenean: inausteko maiztasuna, lehentasun gisa iraupen luzeko langabeak kontratatzea (Lanbideren bitartez), langile subrogatuentzako euskalduntze plana eta bi arau-hauste berri txertatzea (herbizidak erabiltzeagatik eta materia konpostagarria ez berreskuratzeagatik).

PPk osoko zuzenketa bat eta bost zuzenketa partzial aurkeztu zituen, baina guztiak baztertu dira. Popularrek uste dute zerbitzua adjudikatzeko pleguak gobernuko alderdi biek bakarrik egin dituztela; bada Elkarrekin Podemos eta EH Bildu ez datoz bat baieztapen horregaz. Hurrenez hurren, abstentzioa eta aurkako botoa eman badute ere, elkarrizketarako egindako esfortzua aitortu dute. Gobernuak ere prozeduran elkarrizketarako egindako esfortzuaren balioa nabarmendu dute.

PPk eskatu du, besteak beste, ibaiertzeko pasealeku bat egitea Errekaganetik Salsiduraino, eta zuhaitzen mozketa murriztea. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, zerbitzua udalekotzeko eskatu dute, uste baitute horrek hainbat abantaila ekarriko duela.

Gobernuak adierazi du PPren azken urteotako helburua dela Getxoko garbiketa zerbitzuaren ospea belztea. Eta, nabarmendu du zerbitzu horri buruz itaundutako herritarren %94k positiboki baloratu duela.

Udal Araudi Organikoaren artikulu bat aldatzea

Bestalde, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak eta PPren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aurkako botoak jaso ostean, aldatu egin da Udal Araudi Organikoaren 36. artikulua, aurrekontuei buruzkoa. Horren xedea da osoko bilkuran izapidetzeko ez onartzea lehenago Udaleko teknikarien iragazkitik pasatzen ez diren zuzenketak, zenbait irizpide kontuan hartuta, hala nola aurrekontu orekaren printzipioa, zenbait diru-sarrera mota gastu zehatz batzuei eragitea eta hartutako gastu konpromisoak edo betebeharrak betetzeko aurrekontuko kreditu nahikoa izatea, besteak beste.

"Erabaki politiko hutsa da, eta oposizioaren kontrolerako gaitasuna eta eskubideak mugatzen ditu"

Oposizioko taldeak

Puntu horri osoko zuzenketa bana aurkeztu diote PPk eta Elkarrekin Podemosek –EH Bilduk aurkeztutakoa ez zen izapidetzeko onartu, Idazkaritza Nagusiaren arabera ez zelako zuzena–, eta hiru alderdiek hainbat zuzenketa partzial ere aurkeztu dizkiote. Baina baztertu egin dira.

Horren aurrean, gobernu-taldeak adierazi du zenbait zuzenketa izapidetzeko ez onartzeko proposamenaren helburua dela Udalari aurrekontu prozedura on bat ematea, "zeinetan izapidetzeko denborak ahalbidetuko duen abian den urtea amaitu aurretik onartutako aurrekontu bat izatea. Halaber, talde politikoei zehaztuko die zer den zuzengarria, izapidetzeko onartuko ez diren zuzenketak zeintzuk izango diren zehazteko irizpideak araudiari gehituko zaizkio eta. Hori guztia, udalaz gaindiko araudia oinarri hartuta".

Oposizioko hiru taldeak oso kritiko agertu dira, eta bat etorri dira honako hau adierazteko: “Erabaki politiko hutsa da, eta oposizioaren kontrolerako gaitasuna eta eskubideak mugatzen ditu. Demokraziaren aurkakoa da, ez du eztabaida politikoa ahalbidetzen eta gobernuaren pribilegioak mantendu nahi ditu. Gobernuak neurririk gabe darabil bere gehiengoa, oposizioa isilarazteko asmoz”.

TAO zerbitzuaren aldaketa

Osoko bilkuran, halaber, hasierako onarpena eman zaio Araupeko Aparkalekuen Udal Zerbitzuaren (TAO) Ordenantzaren aldaketari, datorren urteari begira iragarritako aldaketei ekin ahal izateko. PPk eta Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketak eta zuzenketa partzialak aurkeztu dituzte, baina guztiak baztertu dituzte.

Gobernuak eta oposizioak euren iritziak azaldu dituzte; lehenengo kasuan, aldekoa, "TAO martxan jarri zenetik antzeman diren beharrei erantzuten dielako eta herritarren, merkatarien eta alderdien iradokizunak ere jasotzen dituen proposamena delako, ibilgailuen txandakatzea bultzatzeko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko"; eta bigarren kasuan, kontrakoa: PPrentzat, "herritarren iradokizun gehienak kontuan hartzen ez dituelako eta dirua biltzeko asmo hutsa duelako"; EH-Bildurentzat, "TAO tresna bat izan beharko litzatekeelako mugikortasun iraunkorrerako bidean, eta ez da hala"; eta Elkarrekin Podemosen ustez, "TAO Getxoko aparkalekuen arazoari buruzko ikerketa zabalago batekin batera landu beharko litzateke", besteak beste, bost alderdien argudio eta planteamenduen artean.

Onetsitako mozioak

Aurkeztutako 10 mozioetatik hiru onetsi dira, testigantza izaeragaz. Aho batez, Elkarrekin Podemosek abiaturiko proposamen bat onetsi da eta EAJk eta PSE-EEk transakzionatu dute. Helburua da Getxoko Udalak, inplikatutako erakundeakaz koordinatuta, udalerriko hondartzetan eta udalerrian jende asko biltzen den ekitaldietan aldagailu inklusibo mugikorrak jartzea aztertzea, pertsona guztiek berdintasun eta duintasun baldintzetan parte hartuko dutela bermatzeko. Horrez gain, aldagela inklusiboaren kontzeptua sartuko du, modu mailakatuan irisgarritasunerako udal-planean, eta udalerriko mugikortasun urrituko pertsonen elkarte eta kolektiboakaz jarriko da harremanetan gai horretan gehiago sakontzeko.

Bestalde, beste hiru mozio onetsi dira: lehenengoa PPk aurkeztu du, udalerriko hondartza guztietan armairuak jartzeko. Bestea EH Bildurena izan da, plastikoaren erabilerari buruzko azterketa bat egiteko. Azken horren helburua da udal-eraikinetan praktikan jartzeko barne-plangintza bat egitea, merkatariei laguntzea kontsumo jasangarria bultzatzen eta urtero plastikoen erabilera murrizteko sentsibilizazio kanpainak egitea. Hirugarren mozioa onartu da, gutxienez udalerriko hondartzetariko bat gune publikoetan ez erretzeaz kontzientziatzeko proiektu pilotuan sartzeko; hala, 2022an Getxo aurtengo proba pilotuaren ostean sortuko den Tabako Kerik Gabeko Hondartzen Euskadiko Sareko kide izan dadin beharrezkoak diren kudeaketak egiteko konpromisoa hartuko du Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun