Naroa Ruiz Mongek zilarra eskuratu du Patinaje Artistikoko Espainiako Txapelketan

Ander Zarraga 2021ko eka. 29a, 12:47

Naroa Ruiz Mongek bigarren postua eskuratu zuen barikuan "Solo Dace" modalitatean. © NATALIA MONGE

Solo Dance modalitatean bigarren postua lortu du Naroa Ruiz Monge getxoztarrak, asteburuan Torredenbarran egin den Patinaje Artistikoko Espainiako Txapelketan. Bere amak aitortu du "sorpresa handia" izan dela, lehiakideen artean zegoen maila altuagaz ez zutelako emaitza hori espero.

Aurreko ekainaren 24 eta 25ean, Torredenbarran (Katalunian) jokatu den Patinaje Artistikoko Espainiako Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen Naroa Ruiz Monge getxoztarrak, Solo Dance modalitatean, gaztetako kategorian. Lehen aldia da euskaldun batek podiuma eskuratzen duena Patinaje Artistikoko Espainiako Txapelketan, Solo Dance modalitatean.

Zilar horregaz, 16 urteko gazteari hainbat ate ireki zaizkio patinajeko txapelketetan parte hartzeko, eta, besteak beste, hurrengo asteetan Alemaniako Kopara joango da Espainiako Federazioagaz, eta, ondoren, Portugalen Europako Kopan parte hartuko du.

Txapelketa 24an hasi zen derrigorrezko Cha Cha eta Tango saioakaz, eta, barikuan, dantza librea egin zuten. Horien emaitzak eman zituztenean gertatu zen ezustekoa: "Sorpresa handia izan da, beste lehiakideen artean zegoen maila altuagaz ez genuelako espero bigarren postua eskuratzea", kontatu du Natalia Mongek, bere amak. Gainera, txapeldunordeak bere osabak, Jon Ander Garamendi getxoztarrak, konposatutako musika originalagaz lortu zuen bigarren postua, amak eta Paula Alvarezek prestatutako koreografia bategaz.

Ruizek 7 urte zituela hasi zen patinatzen, eta, 12 dituenetik, hilean behin Valladolidera joaten da, askotan bera bakarrik ,Solo Dance modalitatean entrenatzen. Bere amak kontatzen du oso modalitate berria dela, eta, horregatik, arazoak izan dituztela iraganean txapelketetan parte hartzeko orduan. Modalitate honek dituen berezitasunen artean daude hiru maillot janzten dituztela, bat dantzaldi bakoitzerako, eta patinak ere bereziak direla. Hemen, Placido Santos entrenatzaileagaz aritzen da, hala ere, Solo Dance  behar bezala entrenatzeko hilean behin joan ohi da Valladolidera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun