Getxoko Udalak, beste urte batez, Gidabaimena Euskaraz kanpaina sustatuko du. Kanpaina 17 eta 23 urte bitarteko gazteentzat bideratuta dago, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egitera animatzeko. Ekimenaren 12garren urtea izango da aurtengoa eta, horietan guztietan, 380 gazte getxoztarrek egin dute azterketa teorikoa euskaraz. “Udalak gazteei eskaintzen dizkien diru-laguntzek erabilera sustatzea bilatzen dute, derrigorrezko hezkuntza amaitu ondoren, euskararen harremanetan jarraitzeko beste modu bat gisa, eta aldi berean, gidabaimena euskaraz egin ahal izateko dagoen diskriminazioari aurre egitea ere, hori nahi duten gazteek zailtasunez betetako bidea aurkitzen baitute”, aipatu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak.
Aurreko edizioetan bezala, Udalak 100 euroko diru-laguntza ematen segituko du azterketa teorikoa egiten duten gazteei eta, horrez gainera, 100 euroko hiru txartel zozketatuko ditu gasolina erosteko. Udalak gazteei kanpainaren berri bidaliko die, 200 esku-orri eta kartel banatuko ditu eta informazioa zabaldu ere gizarte sareen bidez. Aldi berean, udal webgunean hiztegitxo bat eta testa batzuk eskegiko ditu interesatuentzat.
Gasolina erosteko txartelen zozketa
Iaz, 20 gaztek jaso zuten 100 euroko diru-laguntza, gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin ondoren. Era berean, Udalak horien artean zozkatu ditu gasolina erosteko 100 euroko hiru txartel, eta onuradunak dira Ander Andikoetxea, June Gallastegi eta Gaizka Ostaikoetxea.