Getxoarte kalera aterako da datorren astean

Iker Rincon Moreno 2021ko uzt. 2a, 10:19

Uztailaren 6tik 17ra bitartean, Getxoartek udako jaialdia egingo du aire zabalean. Ekimen horrek, besteak beste, jarduera didaktiko eta ludikoak hartuko ditu, doan, hala nola ibilbide artistiko gidatuak, tailerrak, lehiaketak eta hitzaldiak. Horietan guztietan, udalerriko hiriko paisaia artistikoak protagonismo handia izango du.

Datorren martitzenean emango diote hasiera Getxoarteren udako jaialdiari. Horretan, Bitartekaritza eta Egoitza Programaren bidez, besteak beste, jarduera didaktiko eta ludikoak hartuko ditu aire zabalean eta doan. Horietan guztietan parte hartzeko –pintura lehiaketetan izan ezik– aldez aurretik izena eman beharko da getxoarte@getxo.eus posta elektronikoaren bidez; izan ere, lekuak mugatuta egongo dira.

Jaialdiaren egitaraua hilaren 6an irekiko da "De abrazo a abrazo / Besarkadaz besarkada" ibilbide artistikoaren eskutik. Horretan, hiriguneetan kokatutako monumentu eta artelanak bisitatuko dira, besteak beste, José Ramón Carrera, Ricardo Iñurria Arzubide, Miguel G. de Salazar, Alfonso Ramil, Eduardo Figueroa Alonso eta Higinio Basterra artisten obrak. Ibilbidea 18:00etatik 20:00etara izango da, gaztelaniaz, Arantxa Peredaren eskutik, eta hilaren 9an berriz egingo da, 11:00etatik 13: 00etara, euskaraz, Maria Garai gidari dela.

Hilaren 11n beste bisita gidatu bat egingo da "De aquí a la eternidad. Reflexiones para un cementerio", 12:00etatik 13:30era eta gaztelaniaz. Ana Arnaizek eta Iñaki Elexpek gidatuta, Getxoko hilerrian aurki daitekeen hileta-artea erakutsiko du. Ibilbide artistikoen proposamena In memoriam lanagaz amaituko da, Getxogaz lotura estua duten pertsonaiei omenaldia egiten dieten monumentuak eta obrak hartzen dituen ibilbidea, hain zuzen ere. Euskaraz egingo da hilaren 13an, 18:00etatik 20:00etara, Maria Garairen eskutik. Hilaren 17an errepikatuko da, gaztelaniaz, 11:00etatik 13:00etara, Arantxa Peredak gidatuta.

Tailerren atalean, Marta Iraurgik "Natura da nire tailerra" eskainiko du uztailaren 6an, Arrigunagako hondartzaren inguruan, 20:00etatik 22:00etara. Horrez gain, hilaren 9an, barikuan, Igor Sarraldek urban sketching (lekuak marraztu bertan behatuz) tailerra eskainiko du euskaraz, 18:00etatik 20:00etara. Ekimen hori 6 urtetik gorakoentzat da, eta 16 urtetik beherakoak heldu bategaz joan beharko dira.

Programaren barruan "(Ex)tender la voz" poesia irakurketa ere egingo da, uztailaren 7an, 19:30etik 20:30era, Muxikebarriren aurrean, Raquel Asensiren eskutik eta Mikel Izarraren laguntzaz. Horrez gain, hilak 15, 16 eta 17 "A partir de Regoyos / Regoyos abiapuntu" izeneko topaketan artistek eta arkitekturako profesionalek, ikertzaileek eta historialariek gogoeta egingo dute, sorkuntza-prozesuetatik eta lanetatik abiatuta, gauden tokiari eta uneari buruz. Parte hartzaileen artean ADI Bulegoa, TEO Arkitektura, Veva Linaza, Unai Requejo, Esteban Ramos eta Mikel Erkiaga aipatu behar dira. Topaketa guztiak 19:00etatik 21:00etara izango dira Dario de Regoyosen omenaldiaren ondoan (Neguriko gasolindegiaren ondoan).

Pintura lehiaketak

Udako Jaialdiaren programazioa bi pintura lehiaketagaz borobilduko da. Lehena, helduei zuzendua, hilaren 10ean izango da Romon eta Areetan, 09:00etatik 15:00etara. Bigarrena, familientzat, astebete geroago izango da, hilaren 17an, ordutegi berean, baina Algortan. Izena emateko oinarriak laster egongo dira eskuragarri www.getxo.eus/getxoarte webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun