Getxoko Alderdi Popularrak deitoratu du EH Bilduk Mikel Iturgaizen aurkako erasoa gaitzesteko adierazpen instituzionalari betoa jarri diola. Zehazki, Carlos Iturgaiz PPko presidentearen semeak mehatxuak eta irainak jaso zituen ekainaren 26an, Gernikan, futbol partida bat jokatzen ari zenean. Gertaera hori kondenatzeko, Getxoko Udaleko alderdi guztiek, EH Bilduk izan ezik, adierazpen instituzional bat adostu dute bozeramaileen batzordean.
PPk deitoratu du, koalizio abertzaleak Bilboko, Gasteizeko edo Donostiako udaletan egin duen ez bezala, Getxon adierazpenari betoa jarri diola. Adierazi dute Iturgaiz getxoztarra izateak larriagotu egiten duela erabakia. Gainontzeko alderdiak ados azaldu dira adierazpenagaz, eta Carlos Iturgaizen semeak jasotako erasoa kondenatu dute.
Eduardo Andradek, Getxoko PPko bozeramaileak, honako hau adierazi du: "Erradikalek ikusten dutenean EH Bildu bezalako alderdi batek ez dituela horrelako gertaerak gaitzesten, beren ekintzak berresten dituzte, ezer txarrik egiten ari ez direla pentsatuz. Bere isiltasuna demokraziaren aurkako erasoa da".