Eskubeltz eskaut taldea

"Eskaut taldeok sozializatzeko leku seguruak garela egiaztatu da"

Iker Rincon Moreno 2021ko uzt. 13a, 10:00
© ESKUBELTZ

Azkenaldian kaletik ikusteko aukerarik izan ez dugun arren, lanean ibili da Getxoko Eskubeltz eskaut taldea, COVID-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak bermatuta, udalerriko ume eta nerabeen artean aisialdi seguru bat eskaintzeko asmoz. Hala, besteak beste, taldearen 30. urtemuga ospatzen ibili dira egunotan, eta, azaldu dutenez, irailera arte iraungo dute ibilbide hori goratzeko ekitaldiek. Horien nondik norakoak azaldu dizkigute taldekideek.

Zer da Eskubeltz eskaut taldea?

Eskubeltz bizimodu bat sortzen duen sentimendua da. Gau oso bat kanpadenda batean lo egiten izarrak begiratzen eman eta gero, Picos de Europa mendietan astebete eman ondoren, Getxoko iniziatiba sozialetan parte hartuz bai eta beste edozein ekimen sozialetan parte hartzen sortzen den sentimendu berezia da hau.

Horiek guztiak dira Eskubeltz Eskaut Taldeak sustatzen dituen ekimenak bere gazteen artean –8 eta 18 urte arteko nerabeak–. Gainera, eskaut mugimenduaren barnean egoteak asko deskribatzen gaitu.

Zelakoa izan da 30 urteotako ibilbidea?

Urte gogorragoak egon diren arrean, urte lasaiagoak ere izan dira. Taldeak, ordea, bere errealitatearen analisia egiten du urtero, eta bere inguruko egoerara moldatu da beti. Horregatik, gure 30. urteurrena ospatzen gaude orain. Taldea belaunaldien errelebo bat pairatzen ari da, eta bere hezkuntza-proiektua begirale guztien lana berrikusten hasi da etorkizunera begira.

Zelan eragin dizue COVID-19aren pandemiak zuen jarduerak garatzerakoan?

Taldeko arlo guztietan izan du eragina COVID-19ak. Hala ere, eskaut taldeok sozializatzeko leku seguruak garela egiaztatu da; izan ere, Euskal Herrian dauden 30 talde baino gehiagoren artean ez da COVID-19ko agerraldirik egon. Eskubeltzen oso zorrotzak izan gara gaitzaren aurka borrokatzeko ezarri diren neurriak betetzerakoan, hori aurten gazte gutxiago izatea suposatu duen arren. Hori dela eta, pozik gaude egin dugun lanarekin. Are gehiago, taldeko familiek hori guztia eskertu digute konfinamendua amaitu zenetik. Eta, orain, kanpamendua prestatzeari ekin diogu, inoiz baino ilusio handiagoarekin.

Urtemuga hori ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzue...

Eskubeltzen beti ospatu ditugu gure urteurrenak, eta, ahal izan dugun heinean, beti hartu ditugu aitzakiatzat gure herriaren onurarako izan diren ekintzak prestatzeko. Aurten, COVID-19a dela eta, taldea beti bezala moldatu da. Hasteko, podcast bilduma bat argitaratu dugu Etorkizuna Lantzen izenpean. Hori, Spotifyn, Ivooxen eta Youtuben dago entzungai. Bestalde, orientazio rally bat antolatu dugu Getxoko hainbat saltokietatik ere, haien lana ezagutzera emateko. Eta, amaitzeko, gure sare sozialetan argitaratu ditugu taldeko historiaren hainbat argazki.

Podcast-serie horretan duela 5 urte kaleratutako dokumentalean ageri ez ziren bizipenak kontatu dituzue. Zeintzuk dira horiek?

Audio formatua entzuleari imajinazioa erabiltzera bultzatu dio. Bildumaren sei kapituluak kanpamenduko gau bat su baten inguruan jesarrita irudikatzen zuten, eta kontatzen zuten guztia taldeko bizipenak, memoriak zein pasadizoak ziren, hala nola kanpamenduko gau batean animalia oso arraro bat agertu zela. Egia da duela bost urte taldeari buruzko dokumental bat grabatu eta ekoiztu genuela, baina orain, dokumental honetan sartu ezin izan ziren kontakizun asko gehitu ditugu bilduman.

Zer-zelako garrantzia du aisialdiak gazteen hezkuntzan?

Aisialdiko hezkuntza ez formalak garrantzi handia du gazteengan. Haientzat dibertigarria izan arren, eskoletan lantzen ez duten hainbat trebetasun lantzen dituzte, beti haien arteko talde lana sustatuta. Izan ere, hezkuntza formaletik aisialdian erabiltzen diren metodologia asko hartzen ari dira, erabiltzen duguna eskarmentuan eta gazteen bizipenetan eta esperientzian oinarritzen delako.

Esan bezala, udalerriko saltokiak laguntzeko ekimena ere egin duzue. Zergatik?

Eskubeltzek beti izan du konpromiso handi bat bere herriarekin, baita bertan sortu diren arazoekin eta bertako bizitza hobetzearekin ere. COVID-19ak krisi ekonomiko larria eragin du, eta horrek guztion arteko desberdintasunak areagotu ditu. Getxon, saltokietan ikusi dugu hori. Alde batetik, haien ahaleginak pandemiako unerik latzenetan eskertu nahi izan diegu, eta, bestetik, egoera hobera doalakoan, tokiko kontsumoa sustatu nahi izan dugu denda handien eta Interneten erosteko plataformen aurrean.

Zelako harrera izan dute ekimen horiek guztiek?

Ekintza hauek izandako harrera oso ona izan da. Herriak kaleetan gutxi ikusi gaitu –gure presentzia herrian azpimarratzea gustatzen bazaigu ere–, baina hor egon gara. Taldeko familiek zein herriko beste eragileek taldeak antolatutako ekintzak eskertu dituzte, orientazio rallya bereziki. Oso pozik gaude emaitzarekin, baina gure ideia ospakizuna irailera arte mantentzea da.

Zelako etorkizuna aurreikusten diozue Eskubeltz taldeari?

Oso zaila da hori jakitea. Eskubeltz asko hazi da azken urteotan, arlo guztietan, baina boluntarioz osatuta dagoen taldea izaten jarraitzen du. Horretan datza mugimendu asoziatiboa, batzuetan gogorragoa izaten da, eta beste batzuetan ahulagoa. Ez dakigu zer gertatuko den hemendik hamar urtera, baina beti izango gara baikorrak. Hortik dator urteurrenaren leloa, Etorkizuna Lantzen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun