Migrazioen Harrera eta Arretarako Bulegoa inauguratu dute Getxon

Erredakzioa 2021ko uzt. 13a, 09:06
Amaia Agirre alkatea eta Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotzia. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak Migrazioen Harrera eta Arretarako Bulegoa inauguratu du Gobelaurre Boluntariotza zentroan, Itzubaltzeta/Romoko Txabarri Zuazo plazan.

Udal-arduradunek azaldu dutenez, migratutako eta errefuxiatutako pertsonen harrerari buruzko diagnostikoak aurreikusitako ekintzetako bat da bulegoa, nazioarteko mugikortasuneko proiektuetan pertsonei orientazioa eta laguntza emateko, gizarte anitza eta inklusiboa sustatzeko.

Harrera bulegoak hasierako harrerari erantzuna eman gura dio, inklusio sozialaren barruan, erantzukizun publikoaren ikuspegitik. “Getxoko Harrera eta Migrazioen Arretarako Bulego sortu berri hau lehentasunezko proiektua da udalerri anitza eta inklusiboa finkatzeko, hau da, Getxo hiri abegitsu gisa sendotzeko beste bultzada bat, eta aldi berean, Bulegoa Legegintzaldiko Planaren ardatzetako baten barruan dago, pertsonak eta haien garapena erdigunean jartzen dituena. Erreferentziazko zerbitzu publikoa izatea nahi dugu hau, gure udalerrian bizi diren migratzaileei orientazioa, laguntza eta deribazioa emateko, gainerako biztanleekiko berdintasunezko baldintzetan beren eskubideak sustatuz; izan ere, uste dugu harrera erantzukizun publikoko gaia dela, hirietako elkarbizitza eta kohesio soziala sustatzera laguntzen duena”, nabarmendu Amaia Agirre alkateak.

Getxoko Migrazioen Harrera eta Arretarako Bulegoa udalerrian bizi diren pertsonei edo familiei zuzendutako zerbitzua da, eta zeharka eta hainbat zerbitzu publiko eta gizarte-erakundegaz lankidetzan lan egingo du. Pertsonak orientatuko ditu migrazio-prozesuetan, haien autonomia eta gizarteratzea sustatzeko, eta baliabideei eta horietara iristeko moduari buruzko informazioa emango du, atzerritartasunari eta nazionalitateari, Etxeko Lanari eta Zainketei buruzko aholkularitzagaz batera.

"Harrera zentzu zabalean ulertzen da, eta ez da iristen den unera bakarrik mugatzen; beraz, Bulegoa beharrezkoa izan daiteke bizitzako hainbat unetan. Gainera, hainbat norabidetan ulertutako zerbitzua izatea nahi dugu, eta, horregatik, Getxoko herritarrei ere arreta eta informazioa emango zaie migrazioekin zerikusia duten gaiei buruz, hala nola atzerritarrak kontratatzeari buruz, bai eta emigrazio-proiektuak dituzten eta helmugako herrialdeari buruzko informazioa behar duten pertsonei buruz ere ", azaldu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Arreta eta ordutegiak

Bulegoak aurrez aurre arreta astelehen eta martitzenetan 10:00etatik 14:00etara, eta eguaztenetan 16:00etatik 20:00etara, eskainiko du. Aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da, itxaron behar ez izateko, oficinaacogida@getxo.eus/harrerabulegoa@getxo.eus emailaren edo 944 660 152 eta 747 424 287 telefono zenbakien bitartez. Eguazten eta barikuetan arreta telematikoa izango da, telefono, WhatsApp, bideo deiaren bidez). Eguenetan zerbitzu berezituak eskainiko dira, aurretiko hitzorduagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun