Jaialdia uztailaren 16an, barikuan, abiatuko da Itxartu Dantza Taldearen eskutik. Elkartea sortu zenetik, euskal dantzak eta kultura etengabe berritzeko aukera eman du, dantzari berrien prestakuntzan egiten duen lanari esker. Jaialdiaren edizio honetan, Asier Bilbao Goitiak zuzendutako taldeak pandemiak gizartean sortu dituen emozioak irudikatuko ditu, Euskal Herriko dantza eta musika tradizionalen bitartez.
Hurrengo egunean, uztailaren 17an, Belfasteko Trim The Velvet taldearen txanda izango da. Kathy O'Connor koreografoa zuzendaritzapean 20 dantzari biltzen ditu taldeak. Bere ibilbidean zehar, Europako hainbat jaialditan jardun dira, eta, horietan, irlandar dantza tradizionaletan trebezia handia erakutsi dute, battering delako bereizgarri hartuta, hau da, dantza horiek nazioartean ezagun bilakatu dituen zapatek eginiko soinua.
Azken jardunaldian, uztailaren 18an, domekan, Senegaleko Ballet Jammu taldeak itxiko du jailadia. 2008an sortu zen Dakarren (Senegal) konpainia eta musika eta dantza eskola ere hartzen du. Guztira, 20 artista bilduko dira Getxoko saioan, Senegaleko etnia guztietako musikari eta dantzari gazteak, hain zuzen ere. Ass Ndiayeren zuzendaritzapean, Mbalax erritmo tradizionaletan oinarritutako dantzak egingo dituzte.
Aldaketa egitarauan
Ballet Jammuren emanaldia uztailaren 17rako aurreikusita zegoen, baina hilaren 18an izango da. Halaber, Trim the Velvet ez da 18an arituko, 17an baizik. Saio horietarako sarrerak erosi dituztenek egun horietan bertan erabili ahal izango dituzte ezer egin gabe. Hala ere, sarreren itzulketa gura dutenek Muxikebarriko txarteldegian eskatu ahal izango dute eskudiruz edo datafonoz ordaindu bazuten. Online edota orotarako kutxazainetan erositako sarreren kasuan, itzulketa sarreraitzulketa@getxo.eus emailaren bitartez eskatu beharko dute.