Begihandi kolektiboak bultzatzen du Getxophoto; horrek gizon-emakumeoi eragiten dizkiguten gai handiei heltzeko, bizitzeko eta horiei aurre egiteko bitarteko gisa ulertzen du irudia. Hala, arduradunek azaldu dutenez, jaialdia pentsaera kritikoa pizteko eta gizarteagaz elkarrizketa bat abiatzeko plataforma edo abiapuntu bat da.
Aurten ere, iaz bezala, Jon Uriarte, Londreseko The Photographers’ Gallery-ko komisario digitala, izango da Getxoko jaialdiko zuzendari artistikoa. Eta oraingoan, Elkarbanatu lemapean, partekatzearen ideiagaz gaur egun duten adiera berriak aztertuko du jaialdiak, hala nola informazioa eskuratzea, migrazio-fluxuak eta, batez ere, gero eta desberdintasun ekonomiko handiagoak nagusi diren testuinguru planetarioa.
Gaurko agerraldian Jokin Aspuru jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, Ereaga, Portu Zaharra eta Algorta izango dira Getxophotoren erdigunea; hala ere, oraingoan, beste auzo batzuetara zabalduko da, hala nola Itzubaltzeta/Romora.
Gainera, iragarri du argazkilaritza zentroetako ikasleen arteko topaketa antolatuko duela jaialdiak; 40 ikasle baino gehiago iritsiko dira espainiar Estatuko hainbat puntutik.