Atzo, eguenean, Gaude enpresako langileak protesta-eguna egin zuten, euren lan baldintzen eta hitzarmen duin baten alde. Deitoratu dutenez, pandemiaren unerik gogorrenetan beharrezko zerbitzuak eskaini ondoren, haien lan baldintzek ez dute hobera egin, eta mobilizaziorako bidea besterik ez dute aurkitu.
Hirugarren protestaldia izan zen atzokoa, enpresak Areetan duen egoitzaren aurrean. Azaldu dutenez, 2019tik dute hitzarmena agortuta, eta martxoan ekin zioten zuzendaritzagaz negoziatzeari. Ordutik, salatu dutenez, enpresako arduradunek "langileon eskubide eta baldintzei murrizketak ezarri" gura izan dute, eta, horretarako, "Bizkaiko Foru Aldundiak duen erantzukizunaz baliatu nahi izan dira, langileon aldarrikapenei uko eginez".
Horregatik guztiagatik, eta "urteak direlako hitzarmen berririk ez dugula eta KPZren igoera aplikatu ez zaigula", Gaudeko beharginek iragarri dute borrokan segituko dutela hitzarmen duin bat lortu arte, eta euren lan baldintzak hobetu arte.