Euskarari, atera kontuk!

Etxeko harremanak, gure berbekin emanak

Joanes Atxa Olaiz 2021ko uzt. 22a, 17:16

Beste hizkuntzetan bezala, euskarak ere baditu bere esamoldeak etxeko eta senitarteko harremanak izendatzeko. Horien artean, badira zenbait hitz gure eskualdeko hizkeran bereizgarriak direnak. Zeintzuk diren jakin nahi?

Celangoa baysta amea, alangoa oy da alabea». Hala erakusten du atsotitz honek, etxean jasotakoa imitatzen dugula askotan. Ohikoa da gure artean tankerako esanahia duten esamoldeak entzutea, ezta? Bada, 1596. urtean jasotako atsotitza da hori. Bai, bostehun urte daramatzagu familia-ondareari garrantzia ematen, onerako zein txarrerako.

Egunero elkartzen gara gure senitartekoekin. Nik, ohetik jaiki eta komunera bidean, mutil gazte baten ahotsa entzuten nuen goizero, haurra nintzenean. Larritasunez gainezka banengoen ere, komuna hartuta zegoela esanez, atearen beste aldean egonarazten ninduen. Uribe Kostan, amorruz beteta egonda ere maite dugun anaia horri, anaje esaten zaio.

Handitzen joan ginen heinean, komuna partekatzeari utzi genion, eta seme-alabak izan zituen nire anajek. Haiei, Bizkaia osoan bezala, lobe esaten diegu gurean ere. Gure hizkeran, beste hainbatetan gertatzen den bezala, hitz berbera erabiltzen dugu lobak eta bilobak izendatzeko. Hala ere, nahasketa edo gaizki-ulerturik egon ez dadin, argi utzi ohi dut bera nire loba dela, neu naizelako bere osabe. Bai! Asmatu duzu, hau da osabari deitzeko erabiltzen dugun aldaera.
Bada hainbesteko sarritasunez ikusten ez dugun senide-taldea ere. Normalean, egun berezietan ikusten dugu elkar: Gorlizen, Santiago Egunean; Algortan, saninazioetan edo Gabonetan, nonahi. Horrelakoetan, mahaiaren ertzean eserita topatzen dugu gure bikotekidearen ama, gure aube. Uribe Kostako hitz bereizgarria da amaginarreba izendatzeko erabiltzen dugun hori; aspaldi, Arratian, Busturialdean eta Aiaraldean ere erabili zen arren, gaur egun gurean erabiltzen da.

Refranes y Sentencias 
1596. urteko atsotitz bilduma da. Gai askoren artean, familia bizitzari buruzko esamoldeak jasotzen ditu, eta Iruñean argitaratu zen arren, badirudi Bilbo aldeko euskara arkaikoaren isla dela hori.

Zeinen ohituta gauden senideen arteko loturak izaten dituzten gorabeherak entzutera, zenbat istorio eta gertaera. Topiko bihurtzera ere heldu dira, bikotekidearen gurasoekin suñe eta erranek dituzten hartu emanak. Gure eskualdean, aube-erran izena eman genion aspaldi lotura hain esanguratsu horri, alegia, ama batek bere seme-alaben bikotekideekin duen harremanari. Pasadizo harrigarri eta karikaturen ondorioz, tamalez, berebiziko bikote bilakatu da gure kontakizunetan.

Dena den, erabat zaharkitu zaizkigu klixe hauek, familia egiturak bezain anitzak baitira horien barneko harreman motak. Aldarrika ditzagun aube-erran zoriontsuak, anaje eskuzabalak eta suñe alaiak. Har ditzagun gure berbak eta erabil ditzagun senitartean! 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun