Kontzertu nagusiak 19:00etan izango dira, eta irailaren 22an, eguaztenean, abiatuko da jaialdia, Roberto eta Miren Etxebarria aita-alabak osatutako trikitilari bikotearen eskutik. Antzinako koplak oinarri dituen Hamaikatxu kopla, pandero baten konture! beren azken lana aurkeztuko dute oraingoan. Emanaldi hori musika tradizionalaren arloan familia transmisioa nabarmentzeko ildo tematikoaren barruan kokatzen da.
Ildo horregaz bat dator Carlos Núñez (irailak 25) gaita jotzaile ezagunaren saioa. Artista galiziarrak, folk zeltaren erakusle ospetsuak, A irmandade das estrelas diskoaren 25. urteurrena ospatuko du Getxon, eta bere kantarik ezagunenak joko ditu. Horretarako, besteak beste, tresna anitz jotzen dituen bere anaia Xurxo Nuñez eta Itsaso eta Irune Elizagoien ahizpek osatutako trikiti-bikotea izango ditu lagun agertokian.
Bestalde, emakumeen rola folkaren munduan bi saioren bitartez erakutsiko da. Hilaren 23an, Judith Mateo folk-rock biolin-jotzaileak, genero horretako instrumentista onenetakotzat jotzen dutenak, bere zazpigarren albumeko abestiak aurkeztuko ditu, Alma de un violín. Hurrengo egunean, irailak 24, Amparo Sanchez abeslaria buru duen Amparanoia fusio talde enblematikoa Himnopsis colectiva lan berria gerturatuko diote publikoari. Horretan, eragin anitzeko musika proposatzen dute, cumbian hasita eta tartean beste doinu askok uztartuta, adibidez hiri erritmoak, rock hipnotikoa, reggaea, western musika…
Cyclical Tango ikuskizunak itxiko du saio nagusien eskaintza. Fabian Carbone bandoneonistak bultzatutako proiektu horren bitartez omenaldia egingo diote Astor Piazzolla tango konpositore eta musikari handia bere jaiotzaren mendeurrena dela eta. Kontzerturako Carbonek konpositore argentinar ospetsuaren pieza esanguratsuenetako batzuk aukeratu ditu eta horiek interpretatzeko eskarmentu handiko artisten laguntza izango du: Laurentiu Grigorescu (biolina), Rocio Teran (pianoa) eta Mariel Martinez (ahotsa).
Beste saio batzuk
Getxo Folk jaialdiaren programazioak, halaber, doako bi emanaldi eskainiko ditu. Saio biak irailaren 25ean, zapatuan, izango dira, Titiriteros de Binéfar (12:30) eta Trakamatraka (17:00) taldeen eskutik, hurrenez hurren. Lehenengoan, herri-abestiak formatu handiko txotxongiloakaz eta beste elementu plastiko batzuekaz uztartzen dira. Bigarrenean, Trakamatrakak 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako emanaldia proposatzen die. Horretan, birziklatutako materialez egindako instrumentuakaz interpretatutako musika da erabateko protagonista. Bi kontzertu horietara joateko gonbidapenak abuztuaren 2tik aurrera jaso ahal izango dira Romo Kultur Etxean eta Muxikebarrin.
Aurtengo proposamena Bitartean taldearen goizeko ikuskizunagaz borobilduko da (irailak 26, 12:30). Oraingoan, euskal eta argentinar doinuak uztartzen dituen banda hernaniarrak bere lanik ezagunenetako batzuen abestiak eta moldaketak interpretatuko dituzte, baita Kreole bere azken diskoko abestiak ere.