"Parentesiak" jardunaldiak prestatu ditu Getxoko EH Bilduk udagoienerako, "Getxon ere posible da" lelopean

Erredakzioa 2021ko uzt. 27a, 16:30

© GETXOKO EH BILDU

Herritarren hausnarketa bultzatzeko asmoz, "Parentesiak" egitasmoa garatuko du udagoienean Getxoko EH Bilduk; horretarako, askotariko gaiak jorratzeko jardunaldiak egingo dituzte, hala nola etxebizitza-eskubidea, ingurumena, tokiko ekonomia eta zaintza. Antolatzaileek iragarri dutenez, herri-mugimendu eta erakundeetako ordezkariez gainera, hainbat adituk parte hartuko dute horietan.

Hausnarketa bultzatzeko "parentesiak" irekiko ditu Getxoko EH Bilduk aurtengo udagoienean, herrian antolatuko dituen jardunaldien bidez. Urri eta azaro artean izango dira, eta mahainguru horietan lau gai nagusi landuko dira: etxebizitza eskubidea, ingurumena, tokiko ekonomia eta zaintzak. Bertan, herri-mugimendu, erakundeetako ordezkari eta hainbat adituk parte hartuko dute.

"Getxon ere posible da" izango da lehenengo "parentesi" horien leloa. "Herri ezberdinetako errealitateak ezagutu nahi ditugu, euren esperientzietatik aberastu eta gurera ekartzeko. Getxon ere posible dela amesteko, sinisteko eta errealitate bihurtzeko", azaldu dute koalizio abertzalekoek. Hautatutako lau gaiak "estrategikoak" dira EH Bildurentzat, eta lau gai horiek jorratuko dituzte jardunaldietan: "Tarte bat hartu nahi dugu gure herri-ereduaz hausnartzeko, alternatibak partekatzeko, norabidea markatu... eta abiadura hartzeko!".

Lehenengo "parentesia" ingurumenagaz lotuta egongo da: "Osasun-krisiak itzaletan utzi du gure herriak pairatzen duen bestelako krisi larri bat: krisi klimatikoa eta naturaren txikizioa. Herri-mugimendutik eta erakundeetatik trantsizio ekologikorantz zer nolako urratsak eman daitezkeen aztertuko dugu".

Bigarren "parentesien" gaia zaintzak izango dira, hainbat ikuspegitik ulertuta: "Getxon ezkutuan jarraitzen dute zaintza mota ezberdinek. Agerian jarri nahi ditugu, mahai gainera ekarri, ikusgarritasuna eman eta bere ertz guztiak ezagutu".

Etxebizitza eskubidea izango da hirugarren "parentesiaren" ardatza: "Askotan esan dugu etxebizitza eskubidea Getxok duen arazo larrienetakoa dela. Euskal Herriko preziorik garestienak ditugu, herriko gazteek alde egin behar dute ezin dutelako gure herrian bizi... Alternatibak badaudela erakutsi nahi dugu, badagoela etxebizitza ulertzeko beste modu bat, espekulaziotik kanpo".

Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko, tokiko ekonomiaz jardungo dira: "Getxon lan eta bizi nahi badugu, gure herriko errealitate sozioekonomikoari ere erreparatu behar diogu: tokiko txanponen esperientzia ezagutu, dendari txikien egoera aztertu, herri-kooperatibak sortzeko aukera...".

Jardunaldiak urri eta azaro artean egingo dira, lau saiotan banatuta. Getxoko hainbat gunetan izango dira horiek, aurrez aurre, eta parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea. Jardunaldien hizkuntza nagusia euskara izango da, baina itzulpengintza zerbitzua egongo da eskuragarri behar duenarentzat. Irailean jakinaraziko dute egitarau zehatza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun