2021eko udako kultur egitarauak

"Kaleak hartzeko eta Algortako jaiak nolabait ospatzeko asmoa du zapatuko zelai errearen txapelketak"

Iker Rincon Moreno 2021ko uzt. 29a, 15:28

Iaz bezala, aurten ere ez da saninaziorik ospatuko Algortan. Hala ere, Gazte Txosnak antolatuta, Gazte Eguna eta zelai errea txapelketa egingo dituzte aste-akabu honetan, barikuan eta zapatuan, hurrenez hurren. Gazteek diotenez, indarrean dauden segurtasun-neurri guztiak kontutan hartu dituzte egitasmook antolatzeko; izan ere, beharra ikusi dute egunotan herriko kaleak hartu, kuadrillak batu eta, "giro osasuntsu eta euskaldun batean", jaiak nolabait ospatzeko. Baina, zer egingo dute? Asmoak zehaztu dizkigute.

Zelai errea jokoaren txapelketa egingo duzue zapatuan, hilaren 31n. Zergatik?

Jolas hori aukeratu dugu uste dugulako egokiagoa dela mota horretakoa egitea futbola edo pala gisakoak baino; are gehiago, gainera, kontutan hartuta mota horretakoak egin izan direla inoiz. Zelai errearekin denok parte har dezakegu, dinamikoagoa da eta, zalantzarik gabe, parte-hartzaileagoa.

Non izango dira partidak?

Algortako Biotz Alai plazan jokatuko ditugu partida guztiak; leku itxia da, terrazarik gabekoa. Beraz, bertan zelaia markatu, kuadrillak batu eta jolasean arituko gara.

Zer dela eta erabaki duzue mota horretako ekimen bat antolatzea herrian?

Ikusi genuen behar bat zegoela Algortako jaietan, zerbait egitekoa, alegia. Egun indarrean dauden segurtasun neurri guztiak kontutan hartu ditugu, eta, horregatik, aire zabalean izango da guztia. Bagenekien Udalak ez zuela ezer antolatuko herriko jaietan, beraz, ez zen ezer egongo egunotan. Badakigu egoera ez dela oso ona, baina zerbait egin zitekeela uste dugu, eta aire zabalean izanda, aukera ona dela deritzogu.

"Herriko kaleak hartu, kuadrillak nahastu, eta giro giro osasuntsu eta euskaldun batean txapelketa antolatzea izan da asmoa"

Partidak zapatuan izango dira, baina egun gehiagotan egitea aurreikusita zegoen...

Bai, hasiera batean, egun askoko plangintza antolatu genuen, baina, azkenean, aste-akabu honetara mugatu ditugu gauzak. Barikuan, ekainaren 30ean, Gazte Eguna egingo dugu, neurri guztiak errespetatuta, baina ospakizun xume bat eginda. Eta bai, hurrengo egunean, zapatuan, partidu guztiak jokatuko ditugu.

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Algortako Gazte Txosna (@algortagaztetxosna)

Hilaren 16an, 17an, 23an eta 24an jokatzekoak ginen, eta 31n, aldiz, finala egin. Baina, arazoak tarteko, azkenean, zapatu honetan herrian besterik ez zela egongo ikusi eta erabaki genuen partidu guztiak egun horretan egitea; egun bakarrean, goiz eta arratsaldez.

Nori bideratuta dago ekimena?

Herriko edozein gazteri bideratuta dago; erantzun oso ona izan du ekimenak: 13 talde egin ditugu, seina pertsonakoak. Parte hartzeko hirunaka eman behar zen izena, eta saiatu gara talde mistoak egiten. Gehienak halakoak dira, bai gizon-emakumeak nahastuta, eta baita kuadrillaka ere. Ideia da denek denen aurka partidatxo bat jokatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun