“Udal zerbitzu batzuk, bereziki aisia eta kirol jarduerekin lotutakoak, nahitaez eten behar izan ziren. Hala ere, udal diru-sarrerak ondo portatu ziren. Pandemia iritsi aurreko dinamismo ekonomikoa aprobetxatu ahal izan genuen EIOZ eta Plusbalio zergen likidazioen aurreikuspenak hobetzeko. Hala, 2019ko 38 milioi eurotatik 2020ko 41era igaro ginen”, adierazi du Ogasun zinegotzi Inaxio Uriartek.
Pandemiak eragina izan zuen beste herri administrazio batzuetatik datozen diru-sarreretan (54,3 milioi euro 2019an, eta 49,4 milioi 2020an), eta sarrera arrunten jaitsiera garbia % 2koa izan zen. “Hau da, 2020an, udal diru-sarrera arruntak egonkortzea lortu genuen. Hala, udal-zerbitzuen jasangarritasuna bermatu dugu epe ertain-luzera”, adierazi du Uriartek.
Bestalde, jomugei eta gastuei dagokienez, udal transferentziak ia % 11 areagotu ziren herritarrentzako diru-laguntzak igo izanaren ondorioz. Zorpetzea, baina, ez zen beharrezkoa izan, azaldu dutenez.
Diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketa
Bestalde, oniritzia eman zaio diru-laguntzen plan estrategikoaren aldaketari, “diru-laguntzaren zenbait ildo estrategiko eguneratzeko eta bateratzeko, eragindako kolektiboei eta elkarteei zerbitzu hobea emateko asmoz”, agertu du udal-gobernuak. Bestalde, EH Bilduk ez du plana babestu, “murrizketak berresten dituelako eta ez delako oposizioarekin eztabaidatu”. Argudio horregaz bat egin du Elkarrekin Podemosek. Azken alderdi horrek uste du, gainera, “kolektiborik txikienen ikusezintasuna dakarrela eta elkarterik handienen mesederako dela”.
Horrez gain, gaurko saioan 45.000 euroko kreditu gehigarria onetsi da, Getxo Herri Kirol Taldeari Sokatirako Munduko Txapelketa antolatzeko emandako diru-laguntza gisa. Txapelketa Faduran izango da irailaren 15etik 19ra.
Bestalde, 41.500 euroko kreditu transferentzia onetsi da udalerriko pertsona nagusien hiru elkarteei diru-laguntzak emateko: Ajane (9.000 euro), Ibar Nagusien Etxea (24.500 euro) eta Urtealaiak (8.000 euro).