Hegora begira

Inaki Muniategi 2021ko abu. 12a, 18:08

Banekien nora nindoan, tontoa ez naiz, banekien ederrak hartu behar nituela, epel epelak, banekien egurra emango zidatela, egurra ematen bazidaten, agian, baretuko egingo zirela, pentsatu nuen. Bidean, bertarantz nindoalarik ”kanadiar astigar” bakoitzean ekilore bana margotzen nuen, guztira hamabost, nire zigorbide pribatu partikularra seinalatzeko.

Hogei garren zenbakira heldu nintzanean beldurrez eta urduri nengoen: "Egun on, bederatzietan hitzordua…" Esaldia amaitu baino lehenago ahots ezagun batek “Inaki sartu” esan zidan. Lasaitu eta poztu egin nintzen, baina biziki laburrean, zeren nire ahots ezagundun lagunak berehala alde egin zuen, niri pertsona bi barruan zeuden bulegoa erakutsiz.

Pertsona hauetako bat ezaguna nuen, bestea ez. Biak seriodemonio zeuden, bakoitzak, eskuan makila bana zeukan, batak “gorostopalo”-ko gorostimakila eta besteak “Lizarra”-ko, beno agian “Lizartza”-ko (Tolosatik hurbilago baitago) lizarmakila. Makila biak ondo landutako zimel zindo sendoak, hau ikusi nuenean ”Inaki hirea egin dik” neure buruari esan nion.

Nire hobena, bekaturik astunena, handiena (nork barka diezadake nire hobena?): “Ironia”, Inaki nolatan egin diguk hau, ironia honekin…. Eta hasi baziren hasi ziren bai, egur hotsean, eman beharraren eman beharrez beraien lizar eta gorosti makilak apurtu beharrean, nire bizkar gaixoak hartu ahala ematen zidaten, bat ere kupida gabe. Batzuetan txandan banaka, eta besteetan biak batera. Hura zen eman beharra “Jesus, Jesus”, nire erruki eskaerak, bizkar zaintzeak eta atxiki aurkezteak alperrik ziren. Ia berandu zen, barkaziorik ez zegoen, berrogei minutu luzetan (berrogei gizaldi baino luzeagoak) kristorenak eta bi baino gehiago hartu nuen. Gutxienez, kristorenak eta bost, zelako kristorenak eta bost! Kristorenak eta hamaika ere bai! Urkabilurra falta izan zitzaien.

Bertatik irtetean gaizki nengoen, biziki gaizki: bizkarra apurturik, bihotza leherturik, burua makurturik, begiak bustirik eta ia ia thombak ehortzirik. Baina neroni “Inaki altxa burua” esan nion, eta neukan indar apurra biderkaturik, burua altxatzea lortu nuen. Baina hara ezustea: Hego aldera begira nengoen! Ifarra nun da? Ifarra galdu al dut? Ez da posible! Ifarraren bila hasi nintzen, baina aurkitu ezin! Bigiak negar malkoz, betaurrekok lainoturik, eguraldia lanbroturik, lanbroa ere neure kontra, maite dut maite Ifarra lanbroak estaltzen didanean, lanbroak ikusten uzten ez didanean eta beti!

Aurrera segi behar eta etserantz, hegorantz, jo nuen eta,hara, etsean nengoelarik, amomak umetan kontatzen zizkidan ipuinak eta aitxitxek kantatzen zizkidan bertsoetaz gogoratu nintzen, eta ipuinetako bat kontatuko dizuet eta bertso bat idatzi.

Hara ipuina. "Behin batean, leku urrun batean, bazen pertsona pila handia, oso handia. Milioika ziren, denak goseak hilik, urteetan ere ezertxo jan gabe, ia manarik ez zegoen, baina hona hemen nola tipo bat agertzen den, eta derraie: 'Eseri zaitezte zeren hemen ogi bi eta pare bat sardina zahar (bixigoak izan balira ere) dauzkat eta hauekin, denori, jaten emango dizuet, eta eman ere bai!' Guztiak sabelak biziki ongi berdinduta ase-ase egin da gelditu ziren. Eta gainontzeko hondakinekin (gainerako, erdirako eta azpirako ere bazegoen) milioika tonako milioika saski bete zituzten. Egia da, amatxik esan zidan eta.

Ba apustu egingo nuke, mila bostehuni, hau egin zuenak ere “berrogeita bi pertsonentzat edukiera daukan aretoan hirurogei eta hamar mila pertsona sar ezezt"

Getxon zenbat bizi gara? Merkatua zenbatekoa da? Planifikatu egiten duzuela? Ondo, zorionak!

Beraz andre agurgarria, zor zaizun errespetuarekin, oraingo honetan, galdera bat bakarra: datorren urtean kanpoan zenbat utziko gaituzu?

Gure Aitona beti bertsotan zebilen, eta Txirritarenak, Peilo errotarenak, Xenpelarrenak... buruz zekizkien. Niri neuri gehien gustatzen zitzaidana Udarregiren hau zen: "Behin batean Udarregi usurbiltarra Kontzejura paper baten bila joan omen zen eta hara bat batera: Kontzejura etorri naiz paper baten bila, pentsatzen hasi eta ere hau dek alper pila, pluma eta tintero bastoi ta makila, pobriak altxatzeko a ze kuadrilla".

Andre agurgarria: Arrazoia beti zurea!

Ungi hel dakidala.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun