Barikutik zapaturako goizaldean, Getxoko udaltzainek musika-ekipo bategaz festa bat egiteko elkartu ziren ehun pertsona baino gehiago atzeman zituzten Azkorri inguruan. Haietako bi inolako baimenik gabe jaiaren antolaketaren arduradun gisa identifikatu zituzten. Biei zehapen-espediente batzuk ireki zaizkie: joko eta ikuskizunen legea, herritarren segurtasunaren legea eta egungo osasun-araudia hausteagatik, udal-iturriek zehaztu dutenez. Jarduketa berean, beste bost pertsona salatu zituzten, osasun-neurriei buruzko dekretua urratzeagatik.
Hurrengo egunean, zapatutik domekarako goizaldean, beste polizia-operazio batek desegin zuen beste elkarretaratze bat Azkorriko aparkalekuaren inguruan. Bertan jendetza bildu zen –400 pertsona inguru–, eta sare sozialen bidez egin zuten hitzordua. Topaketa horretan, festa antolatzeko erabiliko zen bafle handi bat ere konfiskatu zuten, prebentzioz.
Polizia-jarduerak hainbat ordu iraun zuen, eta horretan zehar bost pertsona salatu zituzten baimendutakoa baino alkoholemia tasa handiagoarekin gidatzeagatik. Beste 11 pertsona bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik espedientatu zituzten, eta beste bi Herritarren Segurtasunerako Legea urratzeagatik. Era berean, 25 trafiko-salaketa izapidetu ziren bidegabeko aparkalekuengatik eta IAT iraungita egoteagatik.
Halaber, asteburuan zehar, Udaltzaingoak 48 zigor proposamen egin ditu osasun araudia ez betetzeagatik.