ELA sindikatuak Getxoko Haurtegi haurreskolaren itxiera-prozesua "iruzurra" dela salatu du

Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 13:56

Haurreskola Algortako Andikoetxe kalean dago kokatuta. © ELA SINDIKATUA

Sindikatuak adierazi duenez, haurreskola kudeatzen duen enpresa "iruzur garbia" egiten ari da, zentroa "fikziozko kausengatik" itxi gura dutelako, eta, aldi berean, gune horretan etxebizitza sustapen bat eraikiko dela iragarri delako.

ELA sindikatuak Getxoko Haurtegi haurreskolaren itxiera-prozesua ikertzeko eskatu die Ikuskaritzari eta Bizkaiko Lan Sailari. Horien ustez, "higiezinen espekulazio kasu argia" da, zentroaren egungo lursailetan etxebizitzen sustapen bat eraikiko dutela iragarri delako.

Sindikatutik jakinarazi dutenez, haurreskola itxi eta 17 lanpostu suntsitzeko, enpresak arrazoi objektibo-produktiboak eta ekonomikoak argudiatu ditu. Hala ere, sindikatuaren ustez, zuzendaritzak itxiera justifikatzeko "fikziozko kausak" sortu ditu. Azaldu dutenez, martxoan, enpresak jarduera-lizentzia kentzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, eta, urtarrilean, ikasleen matrikulazioari uko egin zion.

Bestalde, Haurtegi Gova S.L. enpresak langileen ordezkariei emandako dokumentazioa aztertu ondoren, sindikatuak ondorioztatu du ez dagoela lan kontratuen % 100 azkentzeko arrazoirik, "eskaera neurrigabea baita". Gainera, enpresari informazio gehiago eskatu diotela jakinarazi dute, baina horrek modu kontzientean uko egin dio eskaera horri.

Hori guztia kontutan hartuta, eta, haurreskola kokatuta dagoen gunean etxebizitzak eraikiko direla jakin eta gero, sindikatuak prozesua "iruzur garbia" dela salatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun