Hiru urteko obren ondoren, 2020ko ekainaren 15ean inauguratu zuten Getxoko Ibarbengoako disuasio-aparkalekua. Azpiegitura horrek 295 plaza ditu, eta, BGPk emandako azken datuen arabera, egunero, batez bestean, 14 autok baino ez dute zerbitzua baliatu. Alderatze moduan, Leioako mota horretako parkingak 257 erabiltzaile izan ohi ditu egun bakoitzeko urte normal batean –2019ko datuak dira horiek; 2020-21ean, pandemia garaian, 116 erabiltzailera murrizten da kopurua–.
Ibarbengoako obrak bost milioi eta erdi euro inguruko kostua izan du, Bizkaiko Garraio Partzuergoak ordaindu dituenak. Hain zuzen ere, erakunde horrek bidalitako oharrak dioenez 36 hilabete iraun zuten azpiegitura egiteko lanek.
Garraio Partzuergoaren esanetan, "Ibarbengoako aldirietako aparkalekuak izango du, Bizkaiko Garraio Partzuergoko lauren artean, autoan eginiko distantziaren eta garraio publikoan eginiko distantziaren arteko harremanari dagokionez datu onena. Bestela esanda, irteera-puntutik helmugaraino, autoaren erabilera oso portzentaje txikia izango da metroaren erabileraren portzentajearen aldean".