Tokioko Paralinpiar Jokoak

Asier Garciak diploma eskuratu du gurpil-aulkiko saskibaloi txapelketan laugarren bukatu ondoren

Erredakzioa 2021ko ira. 6a, 10:39
© BASQUE TEAM

Lehiakor aritu arren, ezin izan zuten Britainia Handiko taldea garaitu, eta 58 eta 68ko emaitzagaz podiumean sartu gabe geratu dira Asier Garcia eta Espainiako gurpil-aulkiko saskibaloi taldea.

Podiumean berriro sartzeko ametsa zuten Asier Garciak eta Espainiako gurpil-aulkiko saskibaloi taldeak, baita urrezko domina lortzeko ere, baina ezin izan dute lortu. Euren bidean gurutzatu dira, lehenik Estatu Batuak, eta, ondoren, Britainia Handia; Ariake Arenan selekzioaren asmoak mila zatitan hautsi dituzten aurkari biak.

Asier Garcia Basque Teameko bekadunari brontzezko dominak ihes egin zion atzo, irailaren 5ean, Tokioko Paralinpiar Jokoetako gurpil-aulkiko saskibaloi txapelketan, eta ezin izan du podiumerako igoera errepikatu, Rio de Janieron (2016) egin zuen bezala. Han zilarra erdietsi zuten.

Atzo, Britainia Handiaren aurka jokatu zuten brontzea eskuratzeko norgehiagoka, baina talde gogorra zuten aurrean, Hanburgoko 2018ko Munduko txapelduna, 2019an Walbrzycheko (Polonia) Europako txapelduna, 2008ko Beijingeko Jokoetan eta 2016ko Rioko Jokoetan brontzezko dominaduna, hain zuzen ere.

Asier Garciak eta bere taldekideek benetako irudi lehiakorra erakutsi zuten partidaren lehen zatian. Lehen laurdena hamahiruko berdinketagaz bukatu zuten, eta bigarrena ere oso berdinduta egon zen puntu biko aldeagaz; izan ere, atsedenaldira aldeko 30-28ko emaitzagaz joan ziren.

Hala ere, neurketa erabat aldatu zen aldageletatik bueltan. Agian, txapelketa osoan eta denboraldi osoan egindako nekeak eta ahaleginak ondorioak izan zituen. Garciaren taldeak ez zuen sendotasun bera izan defentsan, ezta erasoan ere, aurreko jardunaldietan bezala. Horrela, hirugarren laurdenean Espainia 12 puntu azpitik egon zen markagailuan, partziala 40-50eko emaitzagaz bukatuta, eta azken laurdenean ezin izan zuten egoera irauli, erdialdera 6-0eko partziala sinatu arren.

"Partida parekatua izan da atsedenaldira arte. Bigarren laurdenean markagailuan gora joan gintezkeela uste dut, baina prezipitazioak izan ditugu ekintza errazetan, eta horrek atsedenaldira bi puntuko aldeagaz iristea eragin du, eta gero, hirugarren laurdenean, euren defentsa erritmoa handitu dute, ez gara eroso egon. Partida modu justuan irabazi dutela uste dut", azaldu zuen Asier Garcia kapitainak, partiduaren ostean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun