Areetako Xake plaza birmoldatzeko parte-hartze prozesu abiatu du Udalak

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 14:42

Amaia Agirre alkateak eta Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak aurkeztu dute egitasmoa. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak azaldu duenez, Areetako Xake plaza "gizatiarragoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa" izatea dute helburu. Horretarako, Areetan eta Itzubaltzeta/Romon bizi diren eta ausaz hautatu diren beste horrenbeste bizilagunen iritziak batuko ditu Udalak, hilaren 16ra bitartean.

Irailaren 16ra bitartean egingo da Udalak Areetako Xake plaza birmoldatzeko abian jarriko duen parte-hartze prozesuaren lehen fasea, gune hori "gizatiarragoa, irisgarriagoa eta jasangarriagoa" izan dadin. Aldi horretan, 400 inkesta inguru egingo zaizkie telefonoz Areetan eta Romon bizi diren eta ausaz hautatu diren beste horrenbeste bizilaguni, honako aldagai hauek kontuan hartuta: bizitegi-eremua, adina, sexua, ardurapean seme-alaba adingabeak edo mendeko helduak dituzten edo etxean etxeko animaliak dituzten.

Halaber, epe horretan, abisuak jarriko dituzte bi auzoetako atarietan, herritarren parte-hartzeari dei eginez, eta ekarpenak egin ahal izango dira webgunearen bidez (www.getxo.eus), Romo Kultur Etxean eta Getxo Elkartegian egokitutako hautetsontzietan (bi kokalekuen ohiko ordutegian), eta irailaren 6, 8, 10, 13 eta 15ean plazan bertan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Karpa horretan eremuaren hasierako zirriborroa erakutsiko da, "plazarako nahi diren erabilerak pentsatu ahal izateko abiapuntu gisa", eta herritarrak gonbidatuko dituzte ideiak eta proposamenak aurkeztera plazak etorkizunean izango duen diseinua egiteko.

Entzuteko lehen fase hori igarota, eta herritarren ekarpenen berrikuspen teknikoa egin ondoren, birmoldaketari buruzko hiru proposamen hautatuko dituzte, eta grafikoki erakutsiko dituzte plazan, urriaren 11tik 22ra. Bigarren fase horretan, udalerrian erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsona guztiek hiru proposamenetako bat bozkatu ahal izango dute, honako modu hauen bidez:

  • Areetako Xake plazan horretarako jarriko den postontzian.
  • Aipatutako egunetan Getxo Elkartegian (Ogoño kalea 1) eta Romo Kultur Etxean jarriko diren hautetsontzietan.
  • Udal webgunearen bidez, non hiru proposamenak ere azalduko diren.

Boto fisikoa emateko txartel ebakigarriak, urriaren 14an eta 15ean udalerriko etxebizitza guztietan banatuko den Getxoberri argitalpenean sartuko dira, baita Areetan eta Itzubaltzeta/Romon postontzietan banatuko den triptiko batean ere, proiektatutako hiru proposamenakaz.

Bozketa-epea amaituta, azaroko lehen astean aurkeztuko dute proposamen irabazlea, Areetako Kale Nagusi erdia oinezkoentzat egiteko jarduketa barne, Xake plazatik Santa Ana etorbideraino, bai eta proiektu berriaren ondorioz alboko kaleetan izango diren aldaketak ere.

Gobernu-taldearen (EAJ eta PSE-EE) arabera, obra datorren urteko maiatzean hasiko da, 8 hilabeteko epea iraungo du, eta, beraz, 2022ko abendurako amaitzea aurreikusi dute. Jarduketarako balioztatu duten aurrekontua 1,8 milioi eurokoa da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun