Irailaren 16tik 22ra, hirigunean oinez eta bizikletaz ibiltzeko jarduerak nagusi izango dira Getxon

Erredakzioa 2021ko ira. 13a, 15:40
Bizikletan ibiltzeko eta horiek konpontzeko oinarrizko tailerrak egingo dituzte, besteak beste. © GETXOKO UDALA

Irailaren 16tik 22ra eta “Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu jasangarrian” lelopean, Europako Mugikortasun Astea ospatuko du Getxok, non oinezkoek, bizikletek eta garraio publikoak lehentasuna izango duten. Izan ere, horiek dira isuri txikiko mugikortasun osasungarria, eraginkorra eta eskuragarria lortzeko ezinbesteko protagonistak.

Neurri horiek, alabaina, onuragarriak izango dira herritar guztientzat. Horregatik, “Udalak jarduera ugari antolatuko ditu herritarrek modu aktiboan parte har dezaten eta, horrela, osasuna hobetu, ingurumena zaindu eta kutsadura akustikoa eta atmosferikoa murrizten laguntzeko. Aurtengo ekitaldian, hiriguneetan oinez eta bizikletaz ibiltzeko jarduerak nabarmenduko dira”, aurreratu du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzu eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.

Patinete- eta bizikleta-ibilbideak, bigarren eskuko azoka edo bizikletak konpontzeko tailerra dira aste horretan aurkitu ahal izango diren jardueretako batzuk, “Autorik gabeko Eguna” ohiturazko ekintza ahaztu gabe. Halaber, eta nobedade gisa, “Plogging Getxo” jardueraz familiartean gozatzeko aukera izango da; kanpoan ariketa fisikoa egitean datza, hondakinak biltzen dituzten bitartean. Kirola, osasuna eta ingurumenaren zaintza uztartzen dituela nabarmendu dute arduradunek.

Beste ekimen batzuk

“Plogging Getxo” jardueraz gain, zapatuan, hilaren 18an, 10:00etatik 12:00etara, Aixerrotako errotan izango dena, bizikleta azoka egongo da bi egunez: hilaren 17an (barikuan), Algortako Telletxe plazan, eta hilaren 18an (larunbata), Areetakoan, ordutegi berdinean, 16:00-20:00. Bizikletak edo mugikortasun jasangarriagaz lotutako bestelako objektuak erosteko aukera izango da (irristailuak, patineteak, trizikloak, osagarriak…), prezio ezin hobeetan –350 eurotan ezarriko da gehieneko salneurria–.

Bizikletari lotuta, jarduera gehiago izango dira: Punta Galea TX. E.-ren eskutik, trebetasun-zirkuitua egingo dute hainbat maniobra menderatzeko eta bizikleta elektrikoak probatzeko. Hilaren 16an (eguena) izango da Areetako Xake plazan, 18:00etatik 20:00etara. Barikuan, hilaren 17an, azoka ez ezik, gaueko ibilbide gidatua ere eskainiko dute, 21:30etik 23:30era, maila guztietako bizikleta zaleentzat. Ibilbidea Galean eta Azkorrin barrena abiatuko da. Horri, familia-ibilbide bat gehitu behar zaio, hilaren 18an (zapatuan), 11:00etatik 12:30era, Bizkaia Zubitik abiatuta, eta SolidaridUp Sareak antolatuta eta Zabalketa GKEak koordinatuta.

Hilaren 20tik 22ra (astelehenetik eguaztenera), Txurruka kaian, 18:00etatik 20:00etara, helduek bizikletaz ibiltzen ikasteko ohiko jarduera antolatuko dute. Eskolak emango dituzte, eta bizikletak egongo dira. 8 urtetik gorako umeek beren neurrirako egokiak diren bizikletak eraman beharko dituzte. Eta hilaren 20an (astelehena) eta 22an (asteazkena), Algortako Telletxe eta Areetako Xake plazetan, hurrenez hurren, ohikoa den beste ekintza bat egongo da, hots, bizikletaren oinarrizko mekanika tailerra.

Mugikortasun Astearen egitaraua osatzeko, beste bi ibilbide gehiago. Lehena, irristailuz Getxo irristan taldearekin, kostaldean zehar, hilaren 17an (barikua), 18:00etatik 20:00etara. Irteera Areetako Xake plazan izango da. Eta bigarrena, mendi-ibilbidea familiarentzat Itxartu taldeagaz, hilaren 19an (domeka) 09:00etatik 12:00etara. Irteera Azkorriko aparkalekuan egingo da.

Jarduera guztietan ezinbestekoa izango da izena ematea, 605 749 064 telefonoaren bitartez edo e-postaz getxomovilidad@gmail.com helbidearen bitartez. Jarduera guztiak doakoak dira.

Ibilgailuen zirkulazio etenak Algortan eta Areetan, “Autorik gabeko Eguna” dela eta

Hilaren 19an (domeka), “Autorik gabeko Eguna” ospatuko da Areetako Nagusia eta Algortako Telletxe kaleetan, honako ordutegian: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00; hainbat joko eta jolas egingo dituzte, hala nola zirkuituak pedaldun kart eta autoenak eta 3 gurpileko patineteenak, zurezko jokoak, golf-pistak eta ohe elastikoak. Baita Getxoko elkarte, GKE, klub eta kirol-enpresek antolatutako hainbat jarduera ere izango dira.

“Autorik gabeko Eguna” dela eta, 08:00etatik 20:00etara, Algorta eta Areetako erdigunetako kale batzuk itxita egongo dira ibilgailu pribatuen aparkamendu eta joan-etorrietarako. Bakarrik baimenduko dute kale horietan ibilgailuak garajeetatik ateratzea. Murrizketa horiek ez dute eraginik izango garraio publikoan eta Udalaren baimena duten establezimenduen ibilgailuetan. Baimen-eskaerak egiteko: ingurugiroa@getxo.eus.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun