Getxoko euskaltegietan izena emateko epea, zabal-zabalik

Erredakzioa 2021ko ira. 15a, 18:26
Getxoko udal euskatelgia Romo Kultur Etxean dago.

Beste urte batez, "Matrikulatu Getxoko euskaltegietan!" lelopean, euskara irakasten duten udalerriko zentroek, Udalaren eta Egizu elkartearen laguntzagaz, herritarrak animatu gura dituzte euskara ikastera eta hobetzera, eskainitako modalitate baten bidez, dena prest baitute ikasturte berriari hasiera emateko.

Matrikula egiteko epea irailean egongo da zabalik. “Udalerriko euskaltegiek 2021/2022ko ikasturtean klaseetara normaltasunez joan ahal izateko lan egin dute eta dena prest dute. Gainera azpimarratu behar da dagoen ikastaroen mota eskaintza anitzak ahalbideratuko duela ikasle guztiek behar duten maila egin ahal izatea”, nabarmendu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.

Horrela, 16 urtetik gorakoek aukera handia izango dute udal, Lauaxeta AEK, Jose Antonio Agirre ta Lekube eta Bai&By euskaltegietan izena emateko.

6 eta 16 urte bitartekoentzat, aldiz, Algortako Inguma Umeen Euskaltegiak eta Areetako Uztarri Umeen Euskaltegiak eskainiko dituzte ikastaroak euskara ikasteko eta hobetzeko. Klaseak astean bi egunetan izango dira. Dendarientzako eta ostalarientzako ikastaroak ere izango dira, eta etorkinentzat eta seme-alabakaz euskaraz egin gura duten gurasoentzat ere.

Bestalde, Egizu elkarteak hainbat jarduera jarriko ditu abian, ohi legez, klaseetan ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko. Horien artean, Berbalaguna ekimena dago, euskaraz berba egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin gura dutenak biltzen dituen programa.

Behar izanez gero, saioak online eman ahal izango dira, baliabide teknologikoen bidez.

Diru-laguntzak

Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu 16 urtera artekoentzat zein 16 urtetik gorakoentzat. Azken horientzat HABEk ere emango ditu.

Informazio guztia: www.getxo.eus/eu/euskara udal webgunean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun